AHT

Jaurlaritzak dio kostuen azterketaren ondorioek defendarazten diotela 'Euskal Y'-a

EH Bilduk jakinarazi duenez, Europako Batzordeak ohartarazi du "kohesio politikaren barruan soilik beren errentagarritasuna positiboa dela frogatzen duten proiektuek” jasoko dutela laguntza.

Abiadura handiko trena egiteko lanak, Bergaran. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS
2015eko martxoaren 17a
16:01
Entzun

EH Bilduko europarlamentari Josu Juaristiren galdera bati erantzunez egin du ohartarazpena Europako Batzordeak. "Horrek oinarrian esan nahi du, nabarmen eta garbi, Espainiako Estatuan ez zaiola linea bati ere Europako laguntzarik emango, ezta Euskal Y-ari; izan ere, linea bakar batek ere ez du errentagarritasun ekonomikoa frogatu", adierazi du Marian Beitialarrangoitia koalizioko legebiltzarkideak, Gasteizen egindako agerraldi batean.

Beitialarrangoitiak gogorarazi duenez, Germa Bel katedradunak eta David Hoyos EHUko irakasleak Eusko Legebiltzarrean esan zuten Euskal Y-ak ez duela bideragarritasun ekonomikoa eta soziala frogatzeko azterketarik: "Logikoena eta normalena horixe izan beharko litzateke, alegia, errentagarritasun soziala eta ekonomikoa aztertzea hainbeste diru publikoko kostua duten horrelako azpiegiturak egin aurretik. Tamalgarria iruditzen zaigu Europako Batzordea izatea kontzeptu hauek mahai gainean jartzen dituena", salatu du.

Azterketa hori "berehala" egin dezala eskatu dio EH Bilduk Eusko Jaurlaritzari, eta horretarako, sor dezala "aditu independenteak barne hartuko dituen batzorde zehatza". Koalizioaren ustez, ikerketa horrek kontuan izan beharko lituzke aztertu ez diren aldagaiak "edo oraindik ezkutuan mantentzen dituztenak, hala nola trafiko aurreikuspenak, gastuen eta diru sarreren arteko balantzeak, mantentze lanen gastuak, eta abar".

Oregi: Euskal Y-ak kostuen azterketa "oso serioa" du

Ana Oregi Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuak EH Bilduri erantzun dio azpiegitura hori egiteko lanen kostuen azterketa "oso serioa" duela. "Horren ondorioek daramate Jaurlaritza azpiegitura hau defendatzen jarraitzera".

Oregik zehaztu du Europako Batzordeak EH Bilduri emandako erantzuna Frantziako Kontu Auzitegiak "neurriz gain dauden proiektu zehatzen" inguruan eginiko txosten bati buruzkoa dela. Oregik gogorarazi du Euskal Y-a Atlantikoko korridorearen parte dela, eta hori Europako garraio politiken liburu zurian "lehentasunezko ardatz" gisa ageri dela.

Korridore horren proiektuak "analisi ekonomikoak" dituela eta Europako Batasunaren laguntzak jasotzen jarraitzen duela gaineratu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.