Jaurlaritzak dio legealdia agortu egingo dutela

Mendia bozeramaileak baztertu egin du Lopez Madrilera joatea. Lehendakaria ez dutela bakarrik utziko esan du Basagoitik; hala ere, harekin erabat ados ez dagoela adierazi du.

2011ko azaroaren 22a
13:42
Entzun

Igandeko Espainiako hauteskundeen emaitzen ondoren EAJk eta Amaiurrek Eusko Legebiltzarrerako bozak aurreratzeko eskatu arren, Eusko Jaurlaritzak ezezkoa eman du eta legealdia agortu egingo du. Hala jakinarazi du gaur eguerdian Idoia Mendia Jaurlaritzako bozeramaileak. 2009ko martxoan egin zituzten EAEko hauteskundeak, eta Patxi Lopez (PSE-EE) da lehendakaria.

Mendiak azpimarratu du Jaurlaritzak "hasieran bezainbesteko babesa eta inpultsua" daukala, eta ez dutela zertan egin aldaketarik. "Orain tokatzen dena da Euskadigatik lanean jarraitzea. Batzuk obsesionatuta daude hauteskundeekin". Jaurlaritzaren gobernu bileraren ostean mintzatu da Mendia.

Legealdi honetan ETAren indarkeriaren amaiera lortu dela esan du. "Orain gure helburua bakean guztion bizikidetza lortzea da. Krisitik indarberrituta ateratzea ere badugu xede".

Lehendakaria ez dutela bakarrik utziko dio Basagoitik 

Antonio Basaoiti EAEko PPko buruak gaur esan du bere alderdiak ez duela Lopez lehendakaria bakarrik uzteko asmorik, eta PSErekin duten gobernu akordioarekin Jaurlaritzaren agintaldia amaitzeko prest daudela berretsi du. "Euskadi ez dago egonkortasunik gabeko egoera baterako". Hala ere, Lopezekin erabat ados ez dagoela adierazi du Basagoitik, "batez ere azken hilabeteetan Amaiur gizentzeko egin duenagatik, zilegitasuna emanez".

Lopezek berak agintaldia amaitu nahi duela esan diola jakinarazi du Basagoitik. "Baina sozialista da, eta agian bihar beste gauza bat esango du", adierazi du ironiaz.

Lopez Madrilera ez, Mendiaren arabera

Atzo zenbait zurrumurruk zioten PSOEn beste karguren bat bete dezakeela Lopezek. Mendiak baztertu egin du aukera. "Hark buruan Euskadi, Euskadiko arazoak eta erkidego hau aurrera ateratzea baino ez du". PSOEk otsailean egingo du norabidea argitzeko batzarra

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.