"Badakigu beharbada norbaitek pentsatuko duela, ETAk berriro indarkeria erabiltzea erabaki duenean, politika egiteko garaia ere bukatu dela. Bada, ez. Argi eta argi, ez. Orain egin behar da, inoiz baino gehiago". Hala esan du gaur goizean Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzaren lehendakariak, Kontseilu Politikoaren izenean, ETAk su-eten iraunkorra hautsi duela-eta egindako adierazpenean. "Izan ere, ez gaude prest gure etorkizunaren giltza ETAri emateko prest".
Erakunde armatuaren bukaera elkarrizketatuaren alde azaldu da Kontseilu Politikoa, "betiere indarkeria behin betiko bukatzeko jarrera sinesgarria adierazten duenean".
Bost hausnarketa zehatz egin ditu Ibarretxek. 1. Indarkeriaren "erabateko arbuioa". 2. "Elkarrizketa politikoaren aldeko apustua". 3. Kontseilu Politikoak berak duela urtebete onartu zuen Bake eta Bizikidetzaren Plana bultzatzeko "konpromisoa". 4. Euskal gizartearengan "konfiantza". 5. "Politika egiteko garaia" den aldarrikapena, "indarkeria eta euskal gatazka gainditzeko".
Joseba Azkarraga, Javier Madrazo eta hirurek osatzen dute Jaurlaritzaren Kontseilu Politikoa, eta, haien ustez, "ETAk bake itxaropenari atea itxi dio, modu dramatikoan". Hala, euskal gizarteari dei egin diote "ahotsa altxatzeko" eta ETAri esateko jendeak bakean bizi nahi duela.
ETAri Zuzenbide Estatuak aurre egin behar dio esan du, "baina beti pertsona denen giza eskubideak errespetatuta. Ezin dira espazio ilunak eta bidezidor ez-legezkoak egon".
Kontseilu Politikoaren adierazpenaren arabera, ETAren erabakiarekin "Batasunaren boto-emaileak frustratuta eta engainatuta" sentitu dira.
Hau "beste une zail bat" dela iritzi dio, "baina aurrera irtengo gara".
ETA-ren su-etena bertan behera. Erreakzioak
Jaurlaritzak dio "politika egiteko garaia" dela, "argi eta garbi"
"Indarkeria eta euskal gatazka gainditzeko", Kontseilu Politikoak uste du "elkarrizketa politikoaren aldeko apustua" egin behar dela. ETAk su-etena bertan behera utzi duela-eta, indarkeriaren "erabateko arbuioa" adierazi du, bide batez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu