Politika

Jaurlaritzak dio Zapaterok uko egin diola ETAren indarkeriaren bukaera elkarrizketatuari

Espainiako gobernuburuak atzo Mariano Raxoi PPko presidentearekin lortutako akordioa ez dutela begi onez ikusi adierazi du Miren Azkaratek, "hortik inora ez delako joaten". Bi lege aldaketa hitzartu dituzte: euskal presoen ondasunei buruzkoa, eta bigarren mailako zigorrei eta kartzelatik ateratzen direnentzako "segurtatze" neurriei ingurukoa.

2008ko uztailaren 24a
18:59
Entzun
Atzo Jose Luis Rodriguez Zapatero (PSOE) Espainiako gobernuburuak Mariano Raxoi PPko presidentearekin atzo "terrorismoaz" akordioa lortu zuela-eta, Miren Azkarate Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak gaur esan du Zapaterok uko egin diola ETAren indarkeriaren bukaera elkarrizketatua izateari. Hala, Azkarateren ustez, Espainiako Kongresuak 2005eko ebazpenean onartu zuenari bizkar eman dio gobernuburuak, baita Ajuria Eneko Itunak hamargarren puntuan gai horretaz dioenari ere.



Jaurlaritzak aitortu du oraindik ez dakiela Zapaterok eta Raxoik hitzartu dutena zertan datzan justuki. "Baina Raxoik esan du ez dela egongo indarkeriaren bukaera elkarrizketaturik", adierazi du Azkaratek. Bide batez, Zapaterok bide hori hartu badu, Jaurlaritza ez dagoela ados esan du, "hortik inora ez delako joaten".

Akordioa

ETAri dagokionez, publikoki behintzat, bi lege aldaketa hitzartu dituzte Espainiako Gobernuak eta PPk: lehena, euskal presoen ondasunei buruzkoa, eta bestea, bigarren mailako zigorrei eta kartzelatik ateratzen direnentzako "segurtatze" neurriei buruzkoa.

Iñaki de Juana Chaos presoak abuztuaren 2an irtengo du kartzelatik, eta bera biziko den etxebizitzaren erosketak iragan astean piztu zuen polemikaren haritik, legea aldatzea nahi dute orain PSOEk eta PPk. "Euskal presoen erantzukizun zibila erabat bete dadin", gaurko ondasunak eta bihar izan ditzaketen guztiak behatzea proposatuko dute. Horrekin batera, zigor legedia berrituko dute. Bigarren mailako zigorrak gogortu egin nahi dituzte, eta zigorrak betetakoan espetxetik ateratzen direnen aurrean "segurtatze" neurriak ezarriko dituzte.

Ez dira aldaketa bakarrak. Aurten zeresana izan dute etakideen kale izenen inguruko auziek eta, horren inguruan, biktimen elkartasunerako legean xedapen bat gehitzea hitzartu dute Zapaterok eta Raxoik. Xedapen horren bidez, "pertsonalki eta taldeka terrorismoa goratzen duten" armarri, ikur edo kale izenak kentzeko beharrezko neurriak hartzeko beharra eskatuko diete administrazio guztiei.

Lege aldaketa horiek hitzartzeaz gain, ETAren aurkako borrokaren bost oinarriak ezarri dituzte PSOEk eta PPk: lehenik, estrategia partekatua eta "alderdi demokraten arteko batasuna"; bigarrenik, biktimei babesa; hirugarrenik, zuzenbide estatuarekiko eta segurtasun indarrekiko "konfiantza"; laugarrenik, "indarkeriak inoiz helburu politikorik lortuko ez duelako" ETAren patua indarkeria uztea baino ez dela dioen adierazpen politikoa; bosgarrenik, nazioarteko elkarlana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.