politika

Jaurlaritzak egindako proposamen zehatzari ekarpenak egiteko astebete izango dute diputazioek

Gauza batzuetan ados daude, eta beste batzuetan ez. Horixe Helena Franco Gipuzkoako foru aldundiko Ogasun diputatuak esandakoa, Jaurlaritzako Ogasun sailburuak diputaziokoekin egindako bileraren ostean. "Aurrerapausoak" egon direla uste du EH Bilduk.

2013ko maiatzaren 13a
19:25
Entzun

Jaurlaritzak eta hiru diputazioek hitzordua izan dute gaur arratsaldean ekonomia sustatzeko eta enplegua sortzeko plana egiten hasteko. EAJk eta EH BIlduk lehen bileraren ostean, joan den astean izan zuten hika-mika atzean uzteko garaia dela uste izan, eta mezu positiboa ematera atera dira, Ricardo Gatzagaetxeberria Jaurlaritzako Ogasun sailburua, eta Helena Franco Gipuzkoako Ogasun diputatua. Francoren arabera, "aurrerapausoak" eman dituzte. Gatzagaetxeberriak plan zehatz bat aurkeztu du, eta astebete izango dute plan horren gaineko aldaketak proposatzeko. Gauza batzuetan ados daudela esan du Francok; beste gauza batzuetan ez.

Defizita malgutu ondoren 180 milioi euroko funtsa izango dute inbertsioetarako, baina ezer zehatzik hitzartu arte ez dute jakinaraziko nola eta zertan gastatuko duten dirua. Ricardo Gatzagaetxeberria Ogasun sailburuak hiru diputazioetako Ogasun arduradunekin egin duen bilerak defizitaren marko berria partekatzea du helburu, alegia, zorra banatzea, Europako Batasunak defizita malgutzen duenean. Martin Garitano Gipuzkoako diputatu nagusiak joan den astean argi utzi zuen "larrialdi nazionalean" dagoela herria, eta horri ez zaiola aurre egiten "funtsen banaketa hutsarekin".

Gipuzkoako Diputazioaren ordezkaritza bileran egon da "erantzukizuna" duelako, baina ez du planik onartuko baldintzarik ezarri gabe. Edozein plan, defizitaren balizko malgutasunak eman dezakeen zorpetzeko gaitasunetik aterako denez, gauza askotaz hitz egin behar da Francok jakinarazi duenez. .

"Fiskalitateaz" hitz egin behar da, hasteko. Aurreko bileraren gai ordenean horrelakorik ez zegoela-eta kexu agertu zen EH BIldu, eta zergatiak adierazi ditu Francok: "Defizitaren malgutzeak ez du diru gehiago egongo dela esan nahi, zorpetzeko gaitasun gehiago dagoela baizik. Nola egingo da? Nork egingo du? Zorra kontrolatu beharreko aldagaia da, ezin da mugarik gabe zorpetu, eta horretarako fiskalitateaz hitz egin behar da".

Francoren arabera, azken batean, gizarte ereduaz hitz egin beharra dago:  "Eztabaida ez da lurraldeen artekoa, proiektuen artekoa baizik".

Joan den asteko hika-mika erdian

Gipuzkoako Diputazioaren parte hartzea zalantzan egon da orain arte, joan den astean Martin Garitano Gipuzkoako diputatu nagusiaren jarrerari leporatutakoen ondorioz, EH BIlduren eta EAJren artean hika-mika gertatu baita. Asteazkenean egin zuten bileratik EAJ "pozik" atera zen, diputazioen, Eudelen eta Jaurlaritzaren artean akordioa lortu zutela esaten. Garitanok, berriz, poztasun hori ez zuela funtsik esatera atera zen, iritsitako akordio bakarra hitz egiten jarraitzeko konpromisoa izan zela.

Hurrengo egunean Larraitz Ugarte diputazioko bozeramaileak Garitanoren bidetik baina azalpen gehiago emanez berretsi zuen ez zela akordiorik egon, "aldez aurretik idatzitako gidoi baten argazkia" besterik ez zutela atera, eta baldintzak egongo zirela ekonomia sustatzeko planean EH BIlduren parte hartzea nahi bazuten.

EAJk "ardura politikoa" eskatu dio EH BIlduri krisitik ateratzeko. Lehen bileraren osteko jarrera gogor salatu dute jeltzaleek.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.