Gasteizen agertutako koronabirus kasuen «gorakada esanguratsuaren» ondorioz, hirirako hainbat neurri hartu ditu Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak. Nekane Murga sailburuak adierazi du hiri hartako hezkuntza zentroetan ez dela eskolarik emango hilaren 23ra arte, ezta Bastidako eta Guardiako (Araba) ikastetxeetan ere. Murgak azaldu du «rzohiko» neurriak hartu dituztela, eta badakitela zer eragin izan dezakeen gizartearen egunerokoan, baina nabarmendu du «erabakigarriak» izan daitezkeela «epidemia globalari» aurre egiteko.
Denera, 45.000 ikasle daude Gasteizko ikastetxeetan, eta 8.000 inguru unibertsitatean. Klaseei eragiteaz gain, haurren kirol jarduerei ere eragingo die, horiek bertan behera geratuko dira eta. Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak adierazi du goizean bildu direla hezkuntza arduradunekin, eta ikastetxe bakoitza arduratuko dela familiei informazio oro emateaz. Horrez gain, 500 lagun baino gehiago elkartuko dituzten ekitaldietan pilaketak eragozteko neurriak ere hartuko dituzte Gasteizen, batez ere ekitaldi itxietan. Horietan, metro bateko tartea utzi beharko da herritarren artean ere. 5.000tik gorakoak, berriz, banan-banan aztertuko dituzte. Datozen egunetan neurri gehiago jakinaraziko dituzte, egoeraren araberakoak.
Oraingoz, neurriak Gasteizera bideratu dituzte, baina gomendioak eman dituzte Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritar guztientzat. Ikastetxeetara joan aurretik haurrei tenperatura hartzeko aholkatu du Osasun Sailak, eta eskatu du 37 gradu baino gehiago badute edo arnasa hartzeko arazoak badituzte etxean geratzeko. Neurri bera hartzeko eskatu du zentro soziosanitarioak bisitatu aurretik. Halakoetara gutxiago joateko eskatu dute. Halere, Murgak adierazi du bisitak bertan behera ez uzteko, «bizitzaren amaieran gutxieneko laguntza eta zaintza izateko eskubidea zainduz». Azaldu dute adineko herritarrekin kontu berezia izan behar dela, arrisku taldea baitira. Era berean, azaldu dute oraintxe ez dagoela arrisku berezirik haurren artean, eta halakoak eragoztea dela hartutako erabakien arrazoietako bat. Beraz, adierazi dute ez dagoela inongo arazorik haurrak «euren aitona-amonekin» egoteko, beharrezko neurriak hartzen badira. Halere, Murgak azaldu du hiru adingabe gaixo daudela.
Adierazi dute, halaber, eremu bakoitzak epidemiologia aldetik ezaugarri ezberdinak izan ditzakeela eta, horien arabera, neurri jakin batzuk hartuko dituztela.
Hauteskundeei begira, adierazi dute kanpainako ekitaldiak unearen arabera aztertuko direla. Gaineratu dute ez dutela hitz egin hauteskundeak atzeratzearen inguruan.