Erlijioa

Jaurlaritzak Erlijio Aniztasunaren Lege proiektua onartuko du datorren astean

Udalerriek erlijio zentroentzako eremuak gorde beharko dituzte fede ezberdinen kultu askatasuna bermatzeko.

Orioko meskita. JON URBE / FOKU
Iñaki Agirre Perez.
2021eko ekainaren 8a
13:10
Entzun

Eusko Jaurlaritzak datorren astean onartuko du elkarbizitza eta erlijio askatasunerako eskubidea babestea helburu duen Kultu lekuen, Zentroen eta Erlijio Aniztasunaren Lege proiektua. Legearekin, gizarteko aniztasun erlijiosoaren babes juridikoa indartuko litzateke, fede ezberdinei tratamendu bera eskainiz eta kultu leku eta zentroen irekiera eta erabilera bermatuz.

Jaurlaritzaren onespena jasota, lege proiektua Legebiltzarrera pasatuko da tramitaziorako eta behin betiko onespenerako, eta, behin indarrean dagoenean, legeak eragin zuzena izango du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udaletxeetako hiri antolamendurako planetan. Izan ere, testuaren arabera, udalerri bakoitzak behar dituen erlijio ekipamenduetarako guneak erreserbatu beharko ditu, «betiere lurzoruaren erabilgarritasunaren arabera».

Hala, legeak lizentzia urbanistikoei eta kultu zentroen irekieren jakinarazpenei buruzko neurriak erregulatzen ditu, eta gune eta ekipamendu publikoak tarteka ekimen erlijiosoetarako erabiltzea baimentzen du. Halaber, udalerriek erabilera publikoko leku, lokal eta eraikinak «xede plurikonfesionalei» uzteko aukera ere jasotzen du. 

Gainera, testuak espresuki galarazten die udalei «zuzeneko edo zeharkako diskriminazioa edo debeku arbitrarioak eragin ditzaketen irizpideekin jardutea».

Erlijioen arteko Kontseiluaren sorrera

Legearekin batera, Jaurlaritzak Erlijioen arteko Kontseiluaren sorrera ere proposatu du, izaera aholku-emailea izango lukeena eta kultu eta erlijio askatasunari eragiten dioten erabakiak hartzeko orduan «laguntza handikoa» izango litzatekeena, Jaurlaritzaren arabera.

Kontseilua Eusko Jaurlaritzako, EAEko hiru aldundietako, udaletxeetako, elizetako, komunitate erlijiosoetako eta «interes kualifikatua» duten elkarteetako kideek osatuko dute, «gaitasun aitortua» duten beste pertsona batzuekin batera. Halaber, bere osaketan «gaitasun eta prestakuntza egokia duten gizonen eta emakumeen ordezkaritza orekatua» bermatuko dela ere jakinarazi dute. 

Erlijioen arteko Kontseiluaren azken osaera, eginkizunak eta funtzionamendu arauak Eusko Jaurlaritzaren dekretu baten bidez zehaztuko dira.

Aniztasun erlijiosoa Araba, Bizkai eta Gipuzkoan

Autonomia erkidegoko hiru herrialdeetan, konfesiorik hedatuena katolizismoa da askogatik: guztira 1.489.864 fededun ditu. Haien atzetik, musulmanek (89.487), ebanjelikoek (29.326) eta ortodoxoek (18.964) osatzen dituzte hiru lurraldeetako konfesiorik jendetsuenak. Gainera, erlijioarekin loturiko talderik handienetan bigarrenak fedegabeak dira, erlijioetan sinesten ez duten 515.771 pertsona baitaude.

Datu horiek Ikuspegik eta Deustuko Unibertsitateko Pedro Arrupe Institutuak eginiko maparenak dira, eta, dokumentu horretan, EAEko kultu leku eta tenpluen kopurua ere biltzen da. Hala, mapak zehazten du, aipaturiko konfesioen zentroez gain, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hamar tenplu budista daudela eta ez dagoela sinagogarik eta tenplu hinduistarik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.