Eusko Jaurlaritzak erretiratu egingo du azkenean 2013rako egin zuen aurrekontu proiektua, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak gaur jakinarazi duenez. Ostiralean ziren bozkatzeakoak Eusko Legebiltzarrean EH Bilduk, PSE-EEk eta PPk aurkeztuak zituzten osoko zuzenketak, baina azkenean atzera egin du lehendakariak. Bruselan da egunotan Urkullu, eta Europako Batasunak defizita malgutu dezakeelakoan hartu du erabakia.
Hala ere, zaila izango da beste aurrekontu proiektu bat aurkeztea. Izan ere, oraindik ez baita ziurra defizita malgutuko duela Europako Batzordeak, eta hori horrela izanik ere, erabakia Europako beste erakunde batzuetan onartu beharko litzateke. Horren ondoren Espainiari defizita zenbat handitzea erabaki beharko litzateke, eta Madrilek gero autonomia erkidegoei zenbat handitzea utziko dien.
Guzti horrek asko atzera lezake beste aurrekontu batzuk aurkeztu eta onartzea. Aurrekontu berriak eginda ere, defizit handiagoarekin bada ere, Eusko Legebiltzarraren babesa jaso beharko lukete. Prozedura guzti horrek aurrekontuak izatea udara arte luzatu dezakeenez, posible da Urkulluk 2012ko aurrekontuak luzatu behar izatea, Gobernuan dagoenetik behin eta berriz horren aurka agertu den arren.
Beste aurrekontu proiektu bat nahi du Urkulluk
Herman Van Rompuy Europako Batzordeko presidentearekin bilera egin du Urkulluk, eta bilkura horren ostean eginiko agerraldian eman du erabakiaren berri. Gainera, ezohiko bilkura batera deitu du gobernua biharko, aurrekontuen inguruko egoera berria aztertzeko.
"Datu berriak ditugu, eta pentsarazten digute agian merezi duela datu berri horien araberako aurrekontu proiektu bat egitea, eta ez hipotesien araberako bat", esan du Urkulluk. Gaineratu du "datozen asteetan" egin beharko dutela proposamen berria.
"Borondate falta"
Ostiralean zuten egitekoa Eusko Legebiltzarrean aurrekontuei buruzko eztabaida, baina litekeena da bertan behera uztea. Urkulluk "akordiorako borondate falta" egotzi die gainerako alderdiei; PSEri eta PPri leporatu die "zigor" politika bat izatea EAJren aurka.
Van Rompuyrekin eginiko bilkura "oso positiboa" izan dela nabarmendu du Urkulluk, eta kontzertu ekonomikoa "eredu balioduna" dela argudiatu du. Orobat, Euskal Autonomia Erkidegoa Europako Batasuneko erabaki guneetan egotea galdegin dio Urkulluk Van Rompuyri, "Espainiako estatuko ordezkariekin batera". Jaurlaritzako lehendakariak zehaztu du ez duela Van Rompuyrekin hitz egin estatus politikoa aldatzeko galdeketa bat egitearen inguruan.
Jaurlaritzak aurrekontuan inoiz eginiko murrizketarik handiena aurketzu zuen proposamenean. 9.200 milioi euroko muga jarrita onartu zuen gobernuak aurrekontu proiektua. Gastu sozial gisa sailkatutako ataletan, aurten 713 milioi euro gutxiago bideratzeko asmoa zuen. Murrizketarik handienak Lehendakaritzan (-%36,6), enplegu eta gizarte gaietan (-%25,9) eta ekonomia garapenean (-%25,4) egiteko asmoa zuen. Osakidetzan %1,7, eta hezkuntzan %1.
Akordiorik ez
Akordioa egin baino egun bat lehenago erabaki du aurrekontuak atzeratzea. Urkulluk bere 27 legebiltzarkideren botoak izan ditu ziurtatuta 2013ko kontuak aurrera eramateko, baina ez da nahikoa EH Bilduk (21), PSE(16), PP (10) eta UPD (1) osoko zuzenketak aurkeztu baitituzte.
Jaurlaritzak egin dituen azken saiakerak UPDrekin eta PPrekin izan dira, baina arrakastarik gabe. PPk hainbat baldintza jarri zizkion, eta EAJ aztertzekotan geratu zen, baina baiezkoan egonda ere ez zuen ezer konponduko, UPDren edo beste alderdiren baten abstentzioa ezinbestekoa bailuke aurrera egiteko.