Ingurumena

Jaurlaritzak esan du Armentia II putzua esploratzeko asmoari eusten diotela

Espainiako Kongresuak klima aldaketaren aurkako lege proiektua onartu du, eta, horren arabera, ez da baimen gehiago emango hidrokarburoak aztertzeko eta ustiatzeko.

Eusko Jaurlaritzak Subilla Gasteizko eremuan egin nahi du Armentia II putzua. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Jone Bastida Alzuru.
2021eko apirilaren 9a
13:47
Entzun

Espainiako Kongresuak onartu egin zuen atzo Klima Aldaketaren eta Trantsizio Energetikoaren lege proiektua. Senatura pasatuko da orain egitasmoa, eta hori litzateke onarpenerako azken urratsa. Horren arabera, ez da baimen gehiago emango hidrokarburoak aztertzeko eta ustiatzeko. Beraz, bertan behera geratuko lirateke SHESA hidrokarburoen sozietate publikoak gasa ustiatzeko dituen proiektuak. Eusko Jaurlaritzak, baina, gaur adierazi du Subilla Gasteizko Armentia II putzua esploratzeko asmoa mantentzen duela.

Dena den, auzia epaitegietan dago. Izan ere, 2016an, Eusko Jaurlaritzak baimena eskatu zuen Subilla Gasteizko Armentia II hobian gasa ustiatzeko, SHESA enpresaren bidez; Gasteizko Udalari zegokion baimen hori ematea. Talde politiko gehienek ezetz esan diote proiektuari instituzioetan; eragileak ere aurka agertu dira, eta abenduan, hainbat astetako ika-mikaren ondoren, baimena bertan behera uztea erabaki zuen udalak, argudiatuta ez zela bateragarria Gasteizko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrarekin. Hori ikusirik, Jaurlaritzak auzitara jo du. SHESAk adierazi du helegiteri eutsiko diola, eta legea behin betiko onartzen denean testua «arretaz» aztertuko dutela.

Bestalde, Gorka Urtaran Gasteizko alkatea pozik agertu da Espainiako Kongresuak klima aldaketaren aurkako legea onartu izanaz, eta Hiri Antolamenduko Plan Orokorra babesteko beharra azpimarratu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.