EAE-ko aurrekontuak

Jaurlaritzak eta Elkarrekin Podemosek akordioa sinatu dute

Iñigo Urkulluk esan du akordioa luzerako izatea espero duela, eta EPri erakutsitako «borondatea» eskertu dio.

Pedro Azpiazu eta Lander Martinez gaur, akordioa sinatzen. JUANAN RUIZ / FOKU
edurne begiristain
2019ko abenduaren 13a
13:12
Entzun

Gaur goizean, Eusko Jaurlaritzak eta Elkarrekin Podemosek datorren urteko aurrekontuen inguruko akordioa sinatu dute. Pedro Azpiazu Jaurlaritzako Ogasun sailburuak eta Lander Martinez Elkarrekin Podemoseko bozeramaileak izenpetu dute dokumentua, Eusko Legebiltzarrean. Ekitaldi laburra izan da, adierazpenik gabea. Azpiazu eta Martinez irribarretsu agertu dira komunikabideen aurrean, eta, akordioa sinatu ondotik, bostekoa eman diote elkarri. Sinadura ekitaldiaren aurretik ere, harreman ona dutela erakutsi nahi izan dute, eta ezohiko argazkia bilatu dute bi aldeek legebiltzarreko hall-ean. Izan ere, ekitaldia baino hamar minutu lehenago elkartu dira aurrekontuak negoziatzen egon diren bi taldeetako kideak legebiltzarreko atarian, eta banan-banan agurtu dute elkar, komunikabideak lekuko zirela.

Elkarrekin Podemosekin lortutako akordioari esker, Eusko Jaurlaritzak aurrera atera ahal izango ditu 2020ko aurrekontuak. Alderdi morea abstenitu egingo da hilaren 27ko bozketan–Ezker Anitzako bi legebiltzarkideek aurka bozkatuko dute–, eta, hala, Jaurlaritzak legealdiko azken aurrekontuak onartzea lortuko du.

Akordioaren kopuru nagusiak asteon jakinarazi dituzte bi aldeek. 201,5 milioi eurokoa da akordioa: 2020. urterako 88,9 milioi euroren diru sailak adostu dituzte, eta gainerako 112,6 milioiak konpromiso kredituetan gastatuko dituzte 2021 eta 2027 bitartean. Konpromiso kreditu horren zati nagusia (80 milioi euro) Jasangarritasun Energetikoaren Legea betetzeko erabiliko dute. Dokumentuak jasotzen duenez, Elkarrekin Podemosekin lortutako akordioari esker, 2020ko aurrekontuetan diru sailak handituko dira «berdintasun arloko politiketan, gizarte babesean, energia jasangarrian eta klima aldaketaren aurkako borrokan».

Akordioan jasotzen denez, Elkarrekin Podemosek ez dio osoko zuzenketarik aurkeztuko aurrekontu proiektuari, eta konpromisoa hartzen du beste taldeen zuzenketarik ez babesteko. Hori hala, hurrengo astelehenean EH Bilduren eta PPren osoko zuzenketen aurkako botoa emango du legebiltzarreko osoko bilkuran.

Horrez gain, akordioak jasotzen duen klausula batek dio alderdi moreak «askatasuna» izango duela bere «jarrera ideologikoaren eta programatikoaren» arabera egokitzat jotzen dituen egitasmo guztiak aurkezteko, defendatzeko eta azaltzeko, betiere aurrekontu akordioaren aurka ez badoaz. Gainera, itunak zehazten du bi aldeek adostutako neurriak «kasuak eskatzen duen malgutasunarekin» eta elkarrekiko «leialtasun» irizpideekin interpretatu eta ezarriko direla, edozein jarrera «oztopatzaile» saihestuko dela,  eta une oro «negoziazioa, elkarrizketa eta erdibideko akordioak» lortzeko ahalegina egingo dutela.

«Aurrekontu errealistak»
Sinadura ekitaldian ez, baina kontrol saioan izan du oihartzuna aurrekontu akordioak, eta ahotan izan dute Iñigo Urkullu lehendakariak eta Lander Martinezek. Biek ala biek positibotzat jo dute.

Akordioaren edukia bera ez ezik, adostasuna lortzeko modua ere goraipatu ditu lehendakariak. Haren ustez, Jaurlaritzaren eta Elkarrekin Podemosen arteko elkarrizketa «zintzoa eta eraikitzailea» izan da, eta eskertu egin dio EPri akordiorako erakutsitako borondatea. Akordioa luzerako izatea espero du lehendakariak: «Ziur nago lehen urrats horrek bere jarraipena izango duela. Batetik, zorrotzak izango garelako hartutako konpromiso guztiak betetzeko, eta, bestetik, Euskadi auzolanetik eraikitzen bideratutako elkarrizketa zainduko dugulako denon artean», azpimarratu du. 2020ko aurrekontuak «zentzudunak eta errealistak» direla esan du Urkulluk, eta erdigunean jarri dituela pertsonak, ekonomiaren susperraldia eta enplegua.

Elkarrekin Podemoseko bozeramaileak, berriz, nabarmendu du bere taldeak aurrekontuen norabidea aldatzea lortu duela eta «politika erabilgarria» egin duela. Ate joka dagoen krisi ekonomikoaren aurrean «elkarri laguntzeko» garaia dela esan du Martinezek. «Oraindik urrun gaude XXI. mendeak merezi dituen aurrekontu batzuetatik, baina akordio honekin diru sailak eta konpromiso politikoak lortu ditugu aurrera egiteko».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.