Jaurlaritzaren aurrekontuak

Jaurlaritzak eta Elkarrekin Podemosek ituna lortu dute

Gaur azalduko dute ofizialki akordioa zertan den; Elkarrekin Podemosek 200 milioi euro nola erabili erabaki ahalko du

Pedro Azpiazu Ogasun sailburua eta Lander Martinez EPren bozeramailea elkar agurtzen, aurreko asteartean. JUANAN RUIZ / FOKU
2019ko abenduaren 9a
09:57
Entzun

Elkarrekin Podemosekin ituna egin du Jaurlaritzak, 2020rako aurrekontuak onartzeko. Gaur azalduko dute ofizialki akordioa zertan den. Aurreratu dutenez, Elkarrekin Podemosek 200 milioi euro nola erabili erabaki ahalko du, eta diru sarrerak bermatzeko errentan, hezkuntza publikoan, klima aldaketan eta ludopatiaren kontrako borrokan gastatzeko asmoa dutela zabaldu du, lehen ere, alderdi moreak.

Aurrekontuei sostengua emateko erabakiarekin ez datoz bat Elkarrekin Podemos legebiltzarreko taldeko Ezker Anitza-IUko bi legebiltzarkide. Baina atzo iragarritako ituna gauzatzen bada, aurrekontuek aurrera egingo dute abenduaren 16an Gasteizko legebiltzarrean egingo den bozketan. 

Ostegunean aurreakordioa lortu zutela iragarri zuten bi aldeek. Elkarrekin Podemoseko Lander Martinez taldeko eledunak jakinarazi zuenez, hezkuntza publikoari hamar milioi gehiago ematea adostu zuten, batez ere «segregazio handia» duten ikastetxeentzat. Hezkuntza publikoa eta doakoa «orokortzeko» neurriak ere jaso zituzten. Bestalde, deslokalizazio prozesuak izateko arriskua duten enpresak laguntzeko hamar milioi jartzea adostu zuten.

Klima aldaketaren aurkako neurriak ere hitzartu zituztela iragarri zuten, eta, horrela, trantsizio ekologikoarentzat hamabost miloi euro gehiago erabiliko dute.

Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko neurriak ere jasotzen zituen aurreakordioak. Horren arabera, milioi bat euro erabiliko da «zaintzak demokratizatzeko» eta beste hiru milioi, berriz, «indarkeria matxistaren aurka borrokatzeko».

Enplegua sustatzeko adostutako neurri sorta, berriz, 20 milioi eurokoa dela jakinarazi zuen Martinezek. Besteak beste, adostu zuten martxan jartzea eskualde planak eta «maskulinizatuta» dauden lan esparruetan emakumeak trebatzeko eta kontratatzeko plan bat.

Ituna sinatuta, Elkarrekin Podemosek ez du osoko zuzenketarik aurkeztuko, eta abstenitu egingo da hilaren 27ko bozketan. «Ez diegu baiezko botoa emango, ez direlako gure aurrekontuak», esan zuen Martinezek ostegunean.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.