Eusko Jaurlaritzak gaur eman du baimena Nafarroako Gobernuaren Euskarabidearekin euskararen inguruko lankidetza hitzarmena sinatzeko. Jaurlaritzak esan du bi erakundeen arteko bikoiztasuna eta gastuak saihestu eta erangikortasunik handiena lortu nahi dutela. BERRIAk apirilaren 3an aurreratu zuen akordioa sinatzekoak zirela.
"Lankidetza hau teknikoa da", esan du Jaurlaritzak, "bi erakundeek egoki ikusten baitute ondorengo esparru hauek zehaztea: euskararen babesa eta garapena, ikerketa, dokumentazioa eta ezagutza nahiz informazio trukea".
Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua elkarlanean ariko diren arloak:
- Euskalduntze eta alfabetatzea. Urratsak egingo dituzte euskara irakasteko curriculuma parekatzeko eta garatzeko.
- Legeen nahiz itunen itzulpenak. Zinpeko itzultzaile nahiz interpreteen egiaztapenen inguruko informazioa ere partekatuko dute. Gainera, bi administrazioetako itzulpen zerbitzuek egindako itzulpenak trukatu ahal izango dituzte. Horri lotuta, konpromisoa hartu dute itzulpen memorien banku bat sortzeko. Hala, bi administrazioek sortutako itzulpen corpusa banku horretan bilduko dute, itzultzaileek erabil dezaten.
- Euskararen gaitasun maila egiaztatzeko probak eta sistemak ere elkarlanean diseinatuko dituzte.
- Ikerketak eta mapa soziolinguistikoak egindakoan lortutako emaitza eta datuak elkarri pasatuko dizkiote. Adierazle soziolinguistikoen sistemak eta hizkuntza politika prestatzeko esperientziak ere partekatuko dituzte bi administrazioek.
- Euskara nazioartean sustatzeko martxan dituzten edo abiatuko dituzten programetan parte hartzeko gonbita egingo diote elkarri. Berdin egingo dute euskararen kultura sustatzeko programetan ere.
- Terminoen onarpena, glosategien trukea eta haien hedapena batera egingo dute. Hala, Jaurlaritzako ordezkari batek Nafarroako Terminologia Batzordean parte hartzeko aukera izango du; alderantziz, Nafarroako ordezkariek ere parte hartuko dute Jaurlaritzaren batzordean.
Akordioaren jarraipena egiteko, batzorde bat sortuko dute. Jaurlaritzak bi kide izango ditu bertan, eta Nafarroako Gobernuak, beste bi. Gainera, HABEko nahiz Etxepare Institutuko ordezkariek batzordean parte hartu ahal izango dute, landuko dituzten gaiek hala eskatzen badute.
Urtero bilduko da batzordea, aldeetako batek eskaria egiten badu. Aldatzeko eskaririk egiten ez bada, akordioa luzatu egingo da urtero. Bi aldeek adostu beharko dituzte akordioan egingo diren aldaketa eta berrikuntzak.