EITB Nafarroan

Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak gaur sinatuko dute EITB Nafarroan hedatu ahal izateko hitzarmena

Nafarroako Jauregian sinatuko dute ituna Ana Ollo Nafarroako Gobernuko bozeramaileak eta Cristina Uriarte Jaurlaritzako Kultura sailburuak. Aurreratu dutenez, EITBk konpromisoa hartu du Nafarroako "errealitate politiko, sozial eta instituzionala" errespetatzeko.

Perdon mendian dagoen antena, hortik jasotzen zuten Iruñean EITBren seinalea. JESUS DIGES / EFE
2016ko uztailaren 15a
12:23
Entzun

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak gaur sinatuko dute EITBren seinalea Nafarroan hedatzeko hitzarmena. Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak bidalitako ohar batean eman dute erabakiaren berri. Akordioak kontuan hartuko ditu telebista —LTD eta kable bidezkoa— eta irratiak —emisio digitala eta FM bidezkoa—. Bi gobernuek hilaren hasieran onartu dute ituna. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak eta hainbat udalek eginiko eskaerari erantzutea dute helburu.

Ituna sinatu arren, azken hitza Espainiako Gobernuarena da; hark du telebista emisioen eskumena. Bi gobernuek akordioa lortzea pauso garrantzitsua da, Madrilek kontuan hartzen baititu halakoak, "salbuespen gisa".

Nafarroako Gobernuaren arabera, hitzarmen horretan jasoko dute EITBren konpromisoa Nafarroako "errealitate politiko, sozial eta instituzionala, eta sinboloak eta identitatea" errespetatzeko. Euskal Autonomia Erkidegotik bereizitako errealitate gisa aurkeztuko dutela ere jasoko dute itunean: "Bertako lurralde historikoetako errealitatetik bereizita aurkeztuko eta ordezkatuko dute EITBko profesionalek idatzitako informazioetan eta haien aurkezpenetan". Sentsibilitate politiko eta ideologiko guztiak kontuan izan eta errespetatuko dituzte, "iritzi publiko plurala osatzeko".

Apiriletik, itzalita

Espainiako Industria Ministeroak aginduta eten behar izan zuten ETBren emisioa Nafarroan, apirilean. UPNren gobernuak aurkeztutako salaketa baten harira eman zuen agindua: salaketa 2015eko martxoan jarri zuen, gobernu aldaketa gertatu aurretik. Yolanda Barcinaren gobernuak ez zion salaketaren berri eman Uxue Barkosen gobernu berriari, eta, agindua iritsi zenean, salaketa kendu eta emisioa eteteko erabakia bertan behera uzteko eskatu zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.