Euskara

Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak hizkuntza politikan elkarlanean aritzeko borondatea agertu dute

Pozik atera dira gaurko bileratik. Zortzi urtean lehenengo batzar ofiziala egin dute bi erakundeek, elkar ezagutzeko eta Nafarroako Gobernuak Jaurlaritzari Enai aurkezteko. Gasteizen egin dute bilkura Miren Azkaratek, Carlos Perez-Nievasek, Patxi Baztarrikak eta Xabier Azanzak.

2008ko otsailaren 22a
13:45
Entzun
Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko hizkuntza politikarako arduradunek azken zortzi urteetako lehen bilera ofiziala egin dute gaur, Gasteizen, Eusko Jaurlaritzaren egoitzan, eta elkarlanean aritzeko borondatea dutela esan dute.

Miren Azkarate Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak, Carlos Perez-Nievas Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilariak, Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak eta Xabier Azanza Euskararen Nafar Institutuko (Enai) zuzendariak hartu dute parte gaurko bileran.

Bileran Nafarroako arduradunek Enai aurkeztu diete Jaurlaritzako ordezkariei, eta lehen hartu eman zuzena eduki dute Perez-Nievas eta Azanza izendatu zituztenetik.

Bi gobernuak pozik atera dira, elkarlanerako pausoa eman dutelakoan, eta aurrera begira ere hala jarraitzeko konpromisoa hartu dute. Azkarateren arabera, bilera hori "ulermenaren eta errespetuaren sinonimo" izan da.

Besteak beste, soziolinguistikaren, toponimoen eta hezkuntzaren arloan ariko dira elkarrekin, eta datozen egunetan Azanza etaBaztarrika bilduko dira gaur adostutakoa nola gauzatu erabakitzeko.

Zortzi urtean ez da harreman ofizialik izan Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko hizkuntza politikarako arduradunen artean. Hala ere, Enairen sorrerarekin harreman ofizialetarako ateak ireki dira. Enairen estatutuen arabera, honek Nafarroatik kanpoko erakundeekin elkarlana bilatuko du "euskararen presentzia, erabilera eta irakaskuntza sustatzeko", eta lurraldetik kanpoko "euskal hiztunekin" harremanak bultzatuko ditu.

Perez-Nievas iazko abuztuan Nafarroako Hezkuntza kontseilari izendatu zutenetik harreman informalak izan dira Jaurlaritzarekin.

Hala ere, Perez-Nievasek eta Baztarrikak ika-mika izan zuten aurrenak kargua hartu berritan. Baztarrikak euskara sustatzeko organo komun iraunkor bat sortzeko proposamena egin zion Nafarroako Gobernuari agerraldi batean. Perez-Nievasek onartezintzat jo zuen, proposamenaren berri hedabideen bitartez izan zuelako eta erakundeari jarritako izenagatik, batez ere. Hilabete geroago Perez-Nievasek esan zuen Baztarrikarekin zuen harremana "oso ona" zela.

Eusko Jaurlaritzarekin eta Ipar Euskal Herriko erakundeekin harremanak eteteko erabakia Pedro Pegenauteren garaian hartu zuen Nafarroako Hizkuntza Politikako Zuzendaritza Nagusiak, 2000. urtean, eta orain arte izan da indarrean. Bi administraziotako teknikariek elkarrekin egitekotan zituzten hainbat proiektu blokeatuta gelditu ziren, baita hainbat erakunde ere.

Euskaltzaindiak eta Eusko Ikaskuntzak, esaterako, arazoak izan zituzten 2001. urtean Nafarroako Gobernuaren diru laguntzak jasotzeko, eta Euskaltzaindiaren kasuan, Eusko Jaurlaritzarekin batera egiten ari zen Euskal Herriko Hizkuntza Atlasa izan zen arazoa. Bakarrik Nafarroako atlasa egin nahi zuen Pegenautek.

Zuzendari nagusiak iragarri zuen orduan Hizkuntza Atlasaren Nafarroako mapa eta Orotarikoaren Nafarroako hiztegia egingo zituztela. Hala ere, ez dituzte egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.