Jaurlaritzaren Gobernu-kontseiluak Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko lankidetza-protokolo orokorra onartu du gaur. Protokolo berberari onespena emango dio bihar Nafarroako Gobernu Kontseiluak. Azken horrek oharrean zabaldu duenez, "interes berdina" duten gaietarako lankidetzea protokoloa da. "Razionaltasuna, sinpletasuna, gardentasuna eta bitartekoen ekonomia" bilatzen dute, "bi erkidegoen kudeaketa eta zebitzuak hobetzeko".
Nafarroako Gobernuak gogora ekarri du Foru Erkidegoa eta Euskal Autonomia Erkidegoak "harreman berezia" dutela "kidetasun historikoa, kulturala, linguistikoa, turistikoa eta soziokulturala" dituztelako, eta elkarlanerako tradizioa ere badutelako. Gainera, oharrean dio EAErekin egindako akordioa Errioxako eta Aragoiko gobernuekin sinatuta dituztenen antzekoa dela.
Protokoloak 18 arlotako lankidetza hartzen du barne, eta bihar aurkeztuko dute Jaurlaritzako Lehendakaritzan. Hauek dira 18 alor horiek:
Gizarte-zerbitzuak.
Berdintasuna eta emakumeen aurkako indarkeria.
Osasuna eta kontsumoa.
Gazteria eta kirola.
Hezkuntza eta kultura.
Hizkuntza-politika.
Bakea, bizikidetza eta giza eskubideak.
Babes zibila eta segurtasun publikoa.
Ingurumena, klima-aldaketa eta lurralde antolamendua.
Toki-administrazioa.
Turismoa.
Nekazaritza- eta landa-garapena.
Komunikazio- eta garraio-azpiegiturak.
Funtzio publikoa.
Administrazio elektronikoa eta zerbitzu publikoen funtzionamenduaren hobekuntza.
Espezializazio adimentsuaren estrategia eta garapen ekonomikoko faktoreak.
Justizia Administrazioa.
Ogasuna eta finantza-politika.
Harreman hotza urte luzez
Bi gobernuen arteko distantzia handia izan da azken 40 urteetan. Duela 26 urte Nafarroako eta EAEko bi gobernuburuek lehen bilera egin zutenetik, harreman gutxi izan da ordezkarien artean, eta gutxi hori gatazkatsua izan da zenbaitetan. Hego Euskal Herriko autonomia erkidegoetako lehen hauteskundeak egin zirenetik, hamar urte pasatu behar izan zuten EAEko eta Nafarroako gobernuburuek lehen bilera ofiziala egin arte. 1989ko uztailean izan zen, Jose Antonio Ardanza (EAJ) eta Gabriel Urralbururen (PSN) artekoa.
1990eko hamarraldian, Juan Cruz Alliren gobernuak harremanak normaldu zituen Jaurlaritzarekin, Allik UPN utzi eta CDN sortu behar izateraino. Ordukoa da Organo Komuna sortzeko egitasmoa, baina akordio hura ez zen inoiz indarrean jarri. Berriro UPN eta EAJ gobernuetan, zaildu egin ziren harremanak, eta ETB Nafarroan ikusteko eragozpenak dira horren adierazle nagusietakoa. Hain justu, duela bi aste agindu zion Espainiako Gobernuak Euskal Irrati Telebistari "berehala" eteteko Nafarroako emisioa, UPNren gobernu garaian aurkeztutako helegite bati jarraituz.
Iazko foru hauteskundeen ondotik sortutako gobernuak bestelako giroa ahalbidetu du. Horren erakusle, Nafarroa irailean sartuko dela EAEk eta Akitaniak osatzen duten euroeskualdean. 1992an, Nafarroak —Juan Cruz Alli zen presidentea orduan eta UPNn zegoen— lankidetzarako protokolo bat sinatu zuen Akitaniako Kontseiluarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin, eta indarrean egon zen 2000ra arte. Urte hartan Miguel Sanzen gobernuak (UPN) harremanak eten zituen, eta alde biko hitzarmenak lehenetsi; bederatzi urte behar izan zituen, halere, horretarako. 2009an Jaurlaritzarekin egin zuen ituna, eta 2015ean, Akitaniarekin.