SUTEA TRINTXERPEN

Jaurlaritzak etxe sozialak jarriko ditu Trintxerpeko suteak kalte egindakoen esku

Pasaiako Udalak arreta bulego bat zabaldu du Trintxerpeko alkateordetzan, kaltetutakoei laguntza emateko. Itsas bengala batek sortu zuen Urtezahar gaueko sutea.

Kaltetutako etxeetako bat. ASIER PEREZ-KARKAMO, 'OARSO-BIDASOKO HITZA'
Berria.info
2014ko urtarrilaren 2a
17:05
Entzun

10:00etan batzartu dira Pasaiako alkate Amaia Agirregabiria, Gipuzkoako ahaldun nagusi Martin Garitano eta Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politikako sailburu Juan Maria Aburto, udal arkitektoekin. Aburtok jakinarazi du Eusko Jaurlaritzak etxebizitza sozialak jarriko dituela kaltetuen esku, eta gaineratu du bakoitzaren egoera aztertu behar dutela. Familia bakoitzaren egoeraren arabera alokairu sozialen zenbatekoa erabakiko dute. Etxebizitza horiek bukatzear daude Pasai Antxoko Luzuriaga inguruan.

Bileraren ostean, Garitanok eta Aburtok beharrezkotzat jo dute orain erakundeak elkarlanean aritzea. Agirregabiriak, berriz, eskerrak eman dizkie herritarrei, udal langileei eta suhiltzaileei. Agirregabiriak adierazi du udala bitartekaritza lana egiten saiatuko dela kaltetuen eta aseguru etxeen artean. Ikerketaren lehen hipotesiaren arabera, itsas bengala batek sorrarazi zuen sutea. 

Lau bloke erreta

Lau etxebizitza bloke hutsarazi egin behar izan zituzten Urtezahar gauean, Trintxerpen (Pasaia, Gipuzkoa), sute baten eraginez. Bi etxe erabat kiskalita gelditu ziren, eta 42 familiak etxetik kanpo igaro behar izan zuten urteko lehen gaua. Hiru bizilagun erietxera eraman zituzten, antsietateagatik edo kea arnastu zutelako —ez daude larri—. Ikerketaren lehen hipotesien arabera, Urtezaharrean jaurtitzen diren suziriek eragin zuten sutea.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, gauerdiko sutea etorbidearen 5. zenbakian hasi zen, teilatuan, gero 7.era zabaldu zen, eta 9. eta 11. zenbakiko bizilagunak ere etxetik atera zituzten. Suhiltzaileek salatu dute Pasaian uraren presioa txikia zela, sua itzaltzeko. Bestalde, 5. eta 7. zenbakiko etxeak eraisteko arriskua dute. Ingeniari eta arkitektoen talde teknikoak aztertzen ari dira etxe horien egoera zein den. Pasaiako alkateak jakinarazi duenez, segurtasunaren arabera gomendatuko dute etxebizitza eraitsi ala ez. "Baina azkeneko erabakia bizilagunek izango dute".

Kaltetutako bizilagunekin bildu dira udaleko ordezkariak

Gaur goizean bilera izan dute sutean kaltetutako herritarrek Pasaiako Udaleko ordezkariekin. Alkateak aitortu du jendea "urduri eta haserre" dagoela. Kaltetutako herritarrei, bestalde, lasaitasun mezua eman die bileran Pasaiako alkateak: "Esan zaie inor ez dela kalean geldituko". "Sutearen osteko egoera oso latza izan da", adierazi du Agirregabiriak, bileraren ostean emandako prentsaurrekoan. Udalaren kezka nagusia, ordea, "herritarren etorkizuna" dela nabarmendu du. Halako kasuetan larrialdi zerbitzua 72 ordukoa izaten bada ere, urtarrilaren 10a arte luzatuko dute. Jaurlaritzaren dirulaguntza bereziak, bestalde, udalak kudeatuko ditu gizarte zerbitzuen bitartez. 5. zenbakiko etxebizitza eraitsi beharko balute, etxe berria eraikitzeko proiektuaren erredakzioa Jaurlaritzak bere gain hartuko luke.

Udaleko ordezkariek bizilagunei jakinarazi dietenez, kiskalitako teilatuaren lekuan belaki bat jarriko dute, "etxearen egoera ez okertzeko". Halaber, datozen orduetan 7. zenbakiko hainbat bizilagun etxeetara sartu ahalko dira ondasun batzuk jasotzera. 5. zenbakiko bizilagunei ere hori ahalbideratzen saiatuko direla esan du alkateak. 

Suhiltzaileen ordezkari batek atzo esan zuten ur presioa txikia izan zutela sua itzaltzeko. "Udal teknikariek esan dute legedia bete zela. Zisterna gehiago ekarri ziren, eta Donostiako hodiekin lotu zen. Presio txikiari irtenbidea eman zitzaion", adierazi du Agirregabiriak. Azaldu duenez, "ezin izan zen beste gehiago egin".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.