Politika

Jaurlaritzak ezker abertzaleari liskarrak bilatu izana egotzi dio

"Ezker abertzaleari galdetu beharko genioke zergatik izan duten horrelako jarrera", esan du Miren Azkarate bozeramaileak. Permachen ustez, berriz, larunbateko "sarraskiaren erabaki politikoa" EAJk hartu zuen. Juan Mari Olanok esan du "Imazek Madrili igorri dion mezu argia" izan dela Ertzaintzaren jokabidea.

2007ko otsailaren 26a
19:10
Entzun
Hautsak harrotu dituzte larunbatean Bilbon amnistiaren eta autodeterminazioaren aldeko manifestazioan izan ziren liskarrek. Ezker abertzaleak EAJ gogor kritikatu du. Eusko Jaurlaritzak ezker abertzalea. "Ezker abertzaleko buruzagi batzuen jarrera salatu nahi dugu, honetan, debekatutako beste manifestazio batzuetan ez bezala, enfrentamenduaren bila ibili baitira eta jarrera horren ondorio izan ziren gertatutako istilu larriak", esan du gaur arratsaldean Miren Azkarate Jaurlaritzako bozeramaileak. Oharra irakurri du. "Ezker abertzaleari galdetu beharko genioke zergatik izan duten horrelako jarrera. Nola elkar daitezkeen Bilbon antzeman zitekeen gorrotoa eta Arnaldo Otegik berrikitan egin dituen adierazpenak?".

Azkaratek esan du ezker abertzaleak abenduaren 30ean ETAk egindako atentatua “koiunturako koiunturako gertakari” izan zela zioela eta ea nola litekeen orain Ertzaintzaren jokabidea "sarraskitzat" jotzea. "Ezker abertzaleko agintari beraiek esan dituzte gauza horiek eta adierazgarria da".

Jaurlaritzak "babes osoa" eman dio Ertzaintzari, eta ertzain zaurituei "eta oro har istiluetan zauritutako pertsona guztiei" elkartasuna adierazi die.

Permach: "Sarraskia egiteko erabaki politikoa Gasteizen edo Bilbon hartu zen"

Larunbatean Bilbon Ertzaintzak atxilotu zituen bi lagunetako bat izan zen Joseba Permach Batasuneko mahaikidea. Ordu batzuren buruan aske utzi zuten, baina gertakariari buruzko txostena Espainiako Auzitegi Nazionalera igortzeko eskatuk du Baltasar Garzon epaileak. Ondorioz, larunbateko gertakariekin lotuta Auzitegi Nazionaletik zitazioren bat jasotzeak ez lukeela harrituko adierazi du Permachek Infozazpi irratian egin dioten elkarrizketan.

Hasiera-hasieratik Ertzaintzak jarrera probokatzailea izan zuela erantsi du, "urteetan ez bezalakoa". "Han zegoen edonork ikusi ahal izan zuen Ertzaintzaren probokazio jarrera. Manifestazioa hasteko ordu erdi baino lehenago agertu ziren brigada mugikorreko unitateak, eta biltzen ari ziren presoen senideen kontra kargatu zuten".

Halaber, bera atxilotzeko asmoa hasieratik izan zutela erantsi du. "Niregana etorri ziren hasieratik. Nortasun agiria eskatu zidaten, eta atzera egiten ez bagenuen atxilotu egingo nindutela. Modu basatian oldartzen ziren bitartean, hala egin zuten". Atxiloketa unean bortitz tratatu zutela agertu du, baina hortik aurrera "zuzena" izan dela atxilotuta egon den bitartean jasotako tratua.

Nolanahi ere, larunbatean gertatutako "sarraskiaren" oinarrian Espainiako Alderdien Legea eta PPren, eta, bereiziki, PSOEren ardura dagoela onartu arren, "erabaki politiko" zehatza EAJk hartu zuela azpimarratu du. "Azken hilabeteetan hamarnaka manifestazio galarazi dira herri honetan, eta Ertzaintzaren jarrera zenbaitetan neurrigabekoa izan arren, ez da iritsi larunbateko gehiegikeriara. Larunbatekoa sarraskia izan zen. Ez daukat dudarik: horren atzean erabaki politiko bat zegoen, eta ez zen Madrilen hartu, baizik eta Gasteizen edo Bilbon".

Olano: "Imazek Madrili igorri dion mezu argia izan da"

Amnistiaren aldeko mugimenduak gaur prentsaurrean esan du "'zipayoek' zakur amorratuek gisa" jokatu zutela larunbatean Bilbon "zahar eta gazteen kontra, eta ez da lehen aldia". Juan Mari Olanok eta Julen Larrinagak hartu dute hitza, eta larunbatekoaren "atzean dagoen inpunitatea, inpunitate poliziala, instituzionala eta politikoa" dagoela salatu dute. "Legeak justifikatzen al du egin zutena?", galdetu du Olanok.

Udal eta foru hauteskundeen atarian, "Imazen EAJk mezu argi bat igorri dio Madrili; hau da, ezker abertzalearekiko jokabidea zein den argi eta garbi azaltzea", adierazi du Olanok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.