Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak esan du galdetu daitekeela "justua eta arrazozikoa" ote den Arnaldo Otegi ezker abertzaleko kideak preso jarraitzea, Bateragune auziko epaia irmoa ez dela eta. "Justizian konfiatu" egiten duela azaldu du ondoren. "Epai egokia emango dute epaileek".
2009ko urritik daukate preso Otegi, beste hainbat lagunekin batera Bateragune auzian atxilotuta. Espainiako Auzitegi Nazionalak hamar urteko kartzela jarri zion joan den irailaren 16n, ETAko buruzagitzat jota. Defentsak Gorenean helegitea aurkeztua du.
Juanjo Agirrezabala EAko legebiltzarkideak parlamentuko saioan Patxi Lopez Jaurlaritzako lehendakariari esan du "izugarrizko injustizia" dela ETA indarkeria uztera behartu duten ezker abertzaleko kideak kartzelan edukitzea. Lopezen partez Mendiak erantzun dio, baina ez zaio hori gustatu Agirrezabalari, eta Lopezi "ezkutatzea" egotzi dio.