Normalizazio politikoari buruzko herri kontsulta egin edo ez, eta nola. Horixe da egunotako gaia, lehengo astean Eusko Jaurlaritzak berriro mahai gainera ateratzeko asmoa agertu eta atzo Josu Jon Imaz EAJren EBBren presidenteak hori akordio zabalik egon gabe egitea ez dela egokia esan eta gero (Vocento eta Diario de Noticias taldeetara bidalitako iritzi artikuluan).
Miren Azkarate Jaurlaritzaren bozeramaileak gaur gogoratu du herri kontsulta egiteko konpromisoa gobernu akordioan "ezin hobeto" jasota dagoela. "2005eko akordioak dio, indarkeriarik eta bazterketarik gabeko egoeran, Jaurlaritzak Eusko Legebiltzarrari baimena eskatuko diola euskal gizartean herri kontsulta egiteko, lortutako akordio politikoa berresteko. Eta [Juan Jose Ibarretxe] lehendakariak konpromiso horiek aipatu egin zituen inbestidura hitzaldian", esan du Azkaratek, Gasteizen, Maria Asuncion Bitorika Yemengo atentatuak eragindako azken hildakoaren aldeko elkarretaratzean.
Imazek atzo zioen "oso eztabaidagarria" dela "konfrontazio politikorako herri kontsulta abertzaleen indar metaketa gisa egitea eta, gainera, EAJk 2005ean onartutako idatziaren kontrakoa da".
ETAk balizko kontsultaren emaitza eta Espainiako Estatuak hori ez errespetatzea hiltzen segitzeko erabil dezakeela uste du Imazek, eta Joseba Azkarraga Jaurlaritzaren Justizia sailburuari hori esatea "astakeria" iruditu zaio, "errespetu osoarekin esanda". EAJren presidenteak "PSOEri betoa ezartzeko aukera eman izana onartezina da", Azkarragaren iritziz.
Azkaratek esan du "euskal gizarteak" ezin duela etsi "ETAren xantaiaren aurrean, "eta ekimen politikoak aurkezten segitu behar du". Ibarretxek hala egingo duela adierazi du Jaurlaritzaren bozeramaileak. Iraileko azken ostiralean izango da politika orokorrari buruzko saioa Legebiltzarrean.
Jaime Mayor Oreja PPren Europako parlamentario eta Espainiako Barne ministroak uste du EAJn "krisia" dagoela, eta Xabier Arzalluzek eta Carlos Garaikoetxeak duela hogei urte pasa eduki zuten liskarra gogoratu du. Carmelo Barrio PPren Gasteizko legebiltzarkidearen iritziz, berriz, Imazek artikuluarekin "nabarmen" egin dio aurre Ibarretxeri.
Politika
Jaurlaritzak gogoratu du herri kontsulta egiteko konpromisoa gobernu akordioan jasota dagoela
Josu Jon Imaz EAJren EBBren presidenteak ez du gustukoa galdeketa egitea "abertzaleen indar metaketa gisa".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu