politika

Jaurlaritzak hezkuntza eta osasun arloko murrizketak negoziatzeko eskatu dio Espainiari, Konstituzionalera jo aurretik

Horretarako aukerarik ez bada, Auzitegi Konstituzionalera joko dutela baieztatu du gaur Idoia Mendia Jaurlaritzako bozeramaileak.

2012ko maiatzaren 29a
14:53
Entzun

Eusko Jaurlaritzak argi berdea eman dio gaur Espainiako Gobernuak osasunean eta hezkuntzan egin nahi dituen murrizketen aurka helegitea sartzeari, Idoia Mendia Jaurlaritzako bozeramaileak jakinarazi duenez. Legebiltzarrak hori egiteko eskatu zion hilaren 3an, EAJ, PSE-EE eta IU-Ezker Anitzaren botoekin.

Hala ere, Mendiak Espainiako Gobernuari bi aldeek parte hartuko duten batzorde bat sortzea proposatu dio, auzitara jo aurretik akordio bat lortu ahal izateko. 

Espainiako Gobernuak proposamena onartzen badu, Jaurlaritzak bederatzi hilabete izango ditu helegitea jartzeko, elkarrizketak nahi bezala ez badoaz. Espainiak batzordea ez osatzea erabakitzen badu, berriz, hiru hilabeteko epea izango du.

Akordiorik lortu ezean, Espainiako Auzitegi Konstituzionalean jarriko du helegitea Jaurlaritzak, murrizketak "autogobernuaren eremuan sartzen" direlakoan eta haiekin "berdintasun irizpidea hautsi" egiten delakoan.

EAJ, PSE eta IU-Ezker Anitzaren testuak zekarrenez, PPren gobernuak baliogabe utzi beharko lituzke murrizketak, harik eta Konstituzionalak helegiteari buruzko erabakia hartzen duen arte.

Aralarrek eta EAk ez zuten bat egin Jaurlaritzak auzitegietara jotzeko aukerarekin, baina bai EAEko autogobernuaren defentsarekin lotura zuzena zuten eskaerekin. PPk eta UPDk, aldiz, ekimena oso-osorik arbuiatu zuten, aurka bozkatuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.