2013an Erasmus beka lortu zutenen diru kopuru bera jasoko dute aurten ikasleek. Atzerriko egonaldia ere bederatzi hilabete artekoa izan ahalko da. Hala baieztatu du gaur Eusko Jaurlaritzak. "Erabaki dugu ikasleek ez dutela hilean 330 euro baino gutxiago jasoko, iaz beka lortu zutenen kopuru bera", esan du Itziar Alkorta Unibertsitate sailburuordeak. Horretarako, Europako Batasunak eta Espainiako Gobernuko Hezkuntza Ministerioak Erasmus beketarako emandako dirua osatuko du Jaurlaritzak. Milioi bat euro ingurukoa izango da ekarpena.
Alkortak gaineratu duenez, Jaurlaritzak erabaki hori hartu du, "Erasmusek ezin duelako luxu bat bihurtu eta ezin duelako familientzat ahalegin handi bat bilakatu".