Bakea eta Bizikidetza

Jaurlaritzak indarkeriaren amaiera ordenatuari heldu nahi dio aurten

Espainian gobernu berria lehenbailehen osatzea nahi du Eusko Jaurlaritzak, harekin "elkarlanean" aritzeko bizikidetza gaietan.

Jonan Fernandez Bake eta Bizikidetza idazkaria, artxiboko irudi batean. ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS
edurne begiristain
2016ko otsailaren 3a
07:28
Entzun

Eusko Jaurlaritzak Bake eta Bizikidetza Planaren gainean sei hilean behin egiten duen balorazioaren berri eman dute gaur goizean Jonan Fernandez Bake eta Bizikidetza idazkariak eta Monika Hernando Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariak, lehendakaritzan. Ebaluazioaz gainera, aurrera begirako lan ildoak ere eman dituzte; jakinarazi dutenez, aurten armagabetzearen eta espetxe politikaren inguruko proposamenak mahai gainean jarri nahi dizkiote Espainian osatzen den gobernu berriari. Fernandezek azaldu duenez, indarkeriaren amaiera ordenatuari heldu nahi dio Jaurlaritzak aurten. 2014an landutako proposamenean oinarrituta egongo da dokumentua, eta azken ukituak ematen ari zaio gobernua. Bake eta Bizikidetza idazkariak aitortu egin du Espainian gobernuaren osaketaren epeak luzatzeak "atzeratu" egiten duela bi gobernuen arteko lankidetza bizikidetza gaietan. "Nahiko genuke Madrilen gobernua lehenbailehen osatzea elkarlanean aritzeko", esan du Fernandezek. Armagabetzeari buruzko proposamena ez ezik, bizikidetzari buruzko akordio oinarri bat ere aurkeztuko dio Jaurlaritzak Madrili.

Legealdia amaitu artean bestelako neurriak abian jartzeko asmoa du Bake eta Bizikidetza Idazkaritzak. Besteak beste, giza eskubideen urraketak jasan dituzten eta aitortu ez zaizkien biktimei aitorpena eta ordaina emateko legea tramitatu nahi du legealdia amaitu aurretik, Hitzeman programako esperientzietatik abiatuta presoen gizarteratze eredu berria aurkeztuko du, eta torturari buruzko ikerketaren lehen ondorioak ere publiko egingo ditu, ekainean.


 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.