"Egia hitzeman nuen, eta egia esango dut". Hala hasi du hitzaldia Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak, aurrekontu proiektuaren berri ematerakoan: "Jaurlaritzak aurre egin behar die azken 30 urteetako aurrekonturik gogorrenei". Inbertsio berririk ez, eta abian daudenak berriro programatuko dituztela iragarri du. "Lehentasuna ekonomia suspertzea eta enplegua sortzea" da, haren arabera. "Lehentasunezkoa" da enpresa txiki eta ertainentzat funts bat sortzea, baita enpleguarekiko elkartasun funts bat sortzea ere. Osasun, hezkuntza eta babes sozialari ere "lehentasuna" eman nahi diete. Horietara doa aurrekontuen %73,9, inoiz baino gehiago.
"Gure eskuetan dagoen guztia egingo dugu aurrekontuak legebiltzarrak onar ditzan", gaineratu du. Gogorarazi du egoera ekonomiko oso txarrean egin dituztela aurrekontuak. ”Krisi sistemikoa da, industriala, finantzetakoa, kontsumokoa… aurreko krisiak sektorialak ziren, baina hau ekonomia osoari dagokio”.
713 milioi gutxiago gastu sozialean
Eusko Jaurlaritzak gastu sozial gisa sailkatutako ataletan, 713 milioi euro gutxiago egongo dira aurten. Murrizketarik handienak Lehendakaritzan (-%36,6), enplegu eta gizarte gaietan (-%25,9) eta ekonomia garapenean (-%25,4) izango dira. Osakidetzan %1,7, eta hezkuntzan %1.
Gaur azaldutakoaren arabera, Justiziaren aurrekontua %7,9 jaitsiko da, Ogasunarena %11,5 (administrazio gastuak batik bat), eta Hezkuntza, Kultura eta Hizkuntz Politikarena %10,1. Segurtasun Saila %10,9 jaitsiko da, Osasun Saila %4,2, eta Ingurumena eta Lurralde Politikarena %19,7. AHTaren inbertsioak estatuak ordaintzen dituela gogorarazi du Gatzagaetxebarriak.
EHUra %6,9 gutxiago bideratuko da, haur eskoletara %10 gutxiago, eta hazkuntzaitunetan %1 gutxiago gastatuko da. Eusko Trenbide sareak, Ura agentziak eta beste erakunde publiko batzuen inbertsioak %40tik gora jaitsiko dira.
Urkulluk iragarri du bertan behera utziko dituztela hainbat proiektu; tartean etxe berrien eraikuntza, Biocruces, Donostia aldeko metroa eta Bilboko metroaren hedapena.
"Urte mingarria izango da, baina Euskadiren etorkizuna bermatuko dugu. Argia bilatuko dugu 2014an; hazteko gaitasuna berreskuratuko dugu. Orain dagoena dago. Aurrekontu hau beharrezkoa da, derrigorrezkoa agian", esan du Urkulluk.
Ekonomiaren %1,1eko jaitsiera
2013an ekonomia %1,1 jaitsiko dela iragarri du Ricardo Gatzagaetxebarria Ogasun sailburuak. Diru sarrerak 1.132 milioi euro jaitsiko dira aurten, iazkoaren %10,8. ”Beste edozein gobernuk ere baliabide horiek aurkituko lituzke”, esan du. Aurten 800 milioi eurotan zorpetzeko gaitasuna izango du Jaurlaritzak. Urtarrilean 220 milioi jaulki zituen, eta gaur bertan beste 275 milioi jaulkitzea onartu du.
2011n defizitaren muga gainditu zuenez, iaz Jaurlaritza ”ia-ia esku hartuta” egon zela ziurtatu du Gatzagaetxebarriak, eta horrek gastu arloan muga batzuk jarri zizkiela. Iazko %1,5eko muga beteko denez —%1,39, lehen kalkuluaren arabera—, halakorik ez da izango. Patxi Lopezen gobernuak 3.404 milioi euroko gastua konprometituta utzi zuela jakinarazi du Urkulluk.
Beraz, iaz baino 1.132 milioi euro gutxiagoko muga duen aurrekontua onartu du gaur Jaurlaritzak. Iazko 10.450 milioiko aurrekontua onartu zuten, eta urte honetarako 9.200 milioi euro dituzte. Aurrekontu berriak onartuko ez balira, eta Jaurlaritza iazkoaren luzapenarekin aritzera behartuta geldituko balitz, diru gutxitze horrek ere desoreka sortuko luke.
Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak "maximalista" ez jartzeko eskatu zien gainerako alderdiei, eta kontuan hartzeko egoera ekonomikoaren "gordintasuna".
Osoko zuzenketak ate-joka
Taldeek oraindik ez dute esan zehazki zein jarrera hartuko duten, baina EH Bilduk, PSE-EEk, PPk eta UPDk osoko zuzenketak aurkeztearen aldeko joera agertu dute jendaurrean. Horrek esan nahiko luke EAJren proposamenari baiezkorik ez, eta abstentziorik ere ez lioketela emango; berez, abstentzioa nahikoa du EAJk aurrekontuak onartzeko. Iñaki Arriola Gipuzkoako PSE-EEko idazkari nagusiak atzo bertan esan zuen "oso litekeena" dela bere alderdiak osoko zuzenketa aurkeztea.
EH Bilduk ere oso jarrera kritikoa azaldu du aurrekontu proiektuarekin. Hain justu, atzo prentsaurrekoa eman zuten "larrialdi plana" prestatzeko eskatuz. Marian Beitialarrangoitia legebiltzarkideak ohartarazi zuen "kezkatu" egiten dituela aurrekontuei buruz orain arte entzun dutenak, baina osoko zuzenketa aurkeztu edo ez proiektua osorik ezagutzen dutenean hartuko dutela.
Egibarrek nabarmendu zuen "erresistentziako aurrekontua" proposatuko duela Jaurlaritzak: "Orain egoera honetan eutsi egin behar diogu". Eta, horretaz gain, "aurrera egiteko apustua» ere badagoela dio: "Krisitik atera eta handitzen lagunduko digun aurrekontua da".