Iñigo Urkullu lehendakaria Donostian izan da gaur, uholdeek egin dituzten kalteak bertatik bertara ezagutzeko. Lehendakariarekin batera Donostian izan dira gaur Estefania Beltran de Heredia eta Ana Oregi sailburuak, eta Juan Karlos Izagirre alkatearekin bildu dira.
Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika sailburu Oregik iragarri du jada hasi dituztela Donostian aurrerantzean uholderik ez izateko lanak. Besteak beste, zubi berri bat egingo dute Martutenen ura oztoporik gabe itsasoratu dadin; egungoaren bikoitza izango da. Lanek 30 hilabete inguru iraungo dutela adierazi dute.
Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak espero du lanak arin egingo dituela Jaurlaritzak. Bestalde, eskertu egin du uholdeek eragindako arazoen aurrean Martuteneko bizilagunek izan duten jarrera. Oraindik, 30 lagun daude etxera ezin joanik.
Gipuzkoan ez ezik, Araban ere izan da Urkullu uholdeak eragindako kalteak ikusten. Zadorra ondoko herrietan izan da, izan ere, oraindik, itxita dago Mendibil eta Erretana bitarteko errepidea.