euskal herria

Jaurlaritzak kargutik kendu ditu 'Cabacas auzian' zerikusia duten sei ertzain

Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak erabaki du sei ertzain polizia etxean zituzten funtzioetatik bereiztea. Uste du Iñigo Cabacasen heriotzari buruzko ikerketako grabazioen argitalpenak haien eguneroko lana baldintzatzen duela.  

2013ko apirilaren 19a
16:41
Entzun

Aste honetan Gara-k gertaerak izan zireneko grabazioen zati bat argitaratzearen ondorioz, Segurtasun Sailak ohar baten bidez adierazi du inoiz ez duela "epailearen ikerketarekiko paraleloan egiten diren hedabideen judizioetan parte hartuko". Hala ere, "ikerketen sekretuak babesten dituen grabazioen zati bat argitaratu izanak ekintzetan parte hartu zuten funtzionario publikoen ohiko lana baldintzatzen" duela uste du.

"Iñigo Cabacasen heriotza akats konponezina da; horren ondorioz, Ertzaintzak jarduteko protokoloak berrikusi ditu, baliabide materialak ordezkatu ditu eta trebakuntza jarduerak birdiseinatuko ditu", esan du Segurtasun sailburuak. Gainera, gogorarazi du bost ertzain epailearekin lanean ari direla gertatutakoak argitzeko.

Segurtasun Sailak epailearen ikerketarekin elkarlanean jarraitzeko prest dagoela azaldu du.  "2012ko apirilaren 5eko gauean Bilbon gertatutakoak ikertzen dituen epaileari dagozkio frogatutako gertaerak eta, beharrezkoa izanez gero, balizko inputazioak eta arduradunak zehaztea", azaldu du sailburuak.

Segurtasun Sailak babesa adierazi die "egunero pertsona guztien zerbitzura lan egiten duten Ertzaintzako gizonei eta emakumeei".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.