Jaurlaritzak laguntzak emango dizkie izurriaren ondorioz alokairua pagatzeko zailtasunak dituztenei

Nafarroako Gobernuak esan du itxialdia arintzeko Pedro Sanchezek aurkeztu duen plana foru erkideko «errealitatera» egokitu beharko dela.  

Ezkerretik eskuinera, Murga, Erkoreka, Tapia eta Arriola sailburuak, gaurko agerraldian. IREKIA
Arantxa Iraola – Ion Orzaiz
2020ko apirilaren 29a
15:43
Entzun

Eusko Jaurlaritzaren gobernu bileraren osteko agerraldian parte hartu du gaur eguerdian Josu Erkoreka gobernuko eledunak hiru sailbururekin: Garapen Ekonomikoko arduradun Arantxa Tapiarekin, Osasun sailburu Nekane Murgarekin eta Ingurumen sailburu Inaki Arriolarekin. Airean egon da atzo Espainiako Gobernuak itxialdia arintzeko aurkeztu zuen plana, baina gobernuko ordezkariek ez dute horren gaineko irirtzirik eman nahi izan. «Atzo arratsalde-gau partean izan genuen plan horren berri», esan du Erkorekak: «Ez dugu erarik izan aztertzeko».

Nafarroako Gobernuak, bestalde, departamentuen arteko bilkura eginen du gaur arratsaldean, Maria Txibite lehendakariaren gidaritzapean, Espainiako Gobernuak konfinamendua arintzeko iragarritako plana aztertu eta hori «Nafarroako errealitatera ekartzeko».

Javier Remirez lehendakariordeak azaldu duenez, Nafarroako Gobernuak ere «ekarpenak» egin dizkio plan horri, konfinamendua leuntzeko batzorde berezian dituen bi ordezkarien bitartez: «Osasun kontuei dagokienez, sintonia handia egon da Nafarroako eta estatuko ordezkarien artean, OMEren gomendioei segika hartu baitira erabakiak». Espainiako Gobernuaren plana, ordea, «Nafarroako errealitatera egokitu» beharko dela uste du Ramirezek: «Foru komunitateak baditu berezkotasun ugari. Bertoko errealitate sozioekonomikoa ez da Balearretakoa: adibidez, industriak BPGean duen pisua askoz handiagoa da hemen, eta turismoarena, txikiagoa».

Osasun krisiak ekarri duen krisi ekonomikoa ere agerian geratu da gaur. Jaurlaritzako ordezkariek esan dute COVID19ari aurre egiteko «ekintza planaren» harira denera 1.555 milioi euroko funtsa sartu dutela, eta, premiez jabetuta, beste bat erantsi dutela: «Osagarri bat dator gaur: etxebizitzaren alokairua ordaintzeko zailtasunak dituztenei laguntzeko plana». Arriolak eman ditu horren nondik norakoak. Epidemiaren ondorioz «diru sarrerak urritu zaizkion jendearentzat» izango dela esan du. Etxebizitza babestuetako alokairuetan maizter daudenei laguntza eman zaiela oroitarazi du, eta urrats bat harago egin nahi izan duela Jaurlaritzak. «Bidezkoa da alokairu librean daudenei ere laguntza ematea». Laguntza berri hori aurretik ematen direnekin «koherentea» izango dela esan du. Oro har, hilean 250 euroko laguntza izango da, sei hilabeterako. Kalkulua egin dute Lakuan: 10.000 maizter inguruk jasoko dute laguntza. Telematikoki egin behar da eskaria, irailaren 30a arte.

Arantxa Tapiak, berriz, «ekimen berritzaile» bat aurkeztu du. «Aktibitate ekonomikoa berpiztuz joango da», gogoratu du. Eta, hain justu, horretan propio laguntzeko plan bat da. «Izan ere, babeserako aholku guztiei erantzutearekin batera, instrumentu teknologiko bat behar dugu gaitzari aurre egiteko». Ikerketa eta zientzia zentroak oro «osasuna» ardatz hartuta ari direla esan du, eta haien laguntzarekin heldu den hilean proiektu pilotu bat jarriko dutela martxan, langileek birusa duten jakiteko. «Batez ere izango da jakiteko lanera itzultzen ari den jendearekin zer ari den gertatzen». Lehen fase honetan, mila lagun inguruk parte hartuko dute proiektu honetan ikerketa zentroetan; beste mila inguru garraio publikoan ari diren langileak izango dira. Lortzen diren datuak «adimen artifizialaren» bidez landuko dituztela esan du. «Adimen artifizialak datu asko gurutzatzeko aukera ematen du, eta era emango digu jakiteko zer diagnostiko mota egin ditzakegun enpresetan jendeak lanean jarraitzeko». Datuen «anonimotasuna» erabatekoa izango dela azaldu du, eta langileen «arrisku maila» aintzat hartuko dutela azterketak egiteko orduan.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako bozen harira, bihar talde politikoekin bilera bat egingo dela esan du Erkorekak. Adierazi du, hala ere, alarma egoerak, berez, ez duela eragotzi behar bozak egitea: «Uztargarriak dira».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.