Eusko Jaurlaritzak apirilaren 11n sinatutako Zubietako errauste plantaren proiektuaren ingurumen baimen bateratuaren berri zuzenki ez zuela jaso eta, udal interesdun gisa, bidaltzeko eskatzeko idatzi zion Lasarte-Oriako alkate Jesus Zaballosek (PSE-EE) Ingurumen Sailari. Berriki jaso du erantzuna udalak; hots, ez dela "parte interesduna" erraustegiaren proiektuan, 16/2002 Legearen arabera. Zubietako errauste planta bere udal eremuan ez badago ere, herritik kilometro eta erdira egin nahi dute, Zubietako gainetan.
Lasarte-Oriako Udalak uste du "balorizazio plantatik gertu" egonik Lasarte-Oria "herri kaltetu" gisa hartu beharko lukeela Jaurlaritzak, airearen kalitatearen azterketa egingo duten neurgailuetako bat bertan jarrita, besteak beste.
Udaleko Ingurumen Batzordean jakinarazi zien PSE-EEko udalak gainerako taldeei Jaurlaritzak emandako erantzunaren berri. Horrekin batera, Ingurumen teknikariak horren harira egindako balorazioaren berri ere eman diete: "Balorizazio plantaren kokapenak ez die erantzuten irizpide teknikoei, eta ez da egokiena atmosfera kutsatuko duen balizko jarduera bat jartzeko". Izan ere, ingurumen teknikariaren arabera, errauste planta herritik gertu egoteaz gain, Lasarte haran sakoneran dago kokatua, eta bertan askotan gertatzen dira "alderantzikatze termikoak".