Migrazioa

Jaurlaritzak migratzaileentzako zentro berri bat irekiko du Oñatin

Iraileko bigarren hamabostaldian zabalduko dute, eta ehun pertsona hartzeko tokia izango du.

Migratzaile talde bat, Bilbon, Harrera Sareak antolatutako elkartasun gosari batean, irailaren 2an. ARITZ LOIOLA, FOKU
2018ko irailaren 12a
12:49
Entzun

Eusko Jaurlaritzak zentro berri bat irekiko du Arabara, Bizkaira eta Gipuzkoara iristen diren migratzaileei lehen arreta zerbitzua eskaintzeko. Zentroa Oñatin (Gipuzkoa) zabalduko du, eta ehun pertsona hartzeko ahala izango du. Plaza kopurua handitu egin daiteke salbuespenezko egoeretan. Zerbitzua kudeatzeko arduradunak, berriz, CEAR Euskadi elkartea eta Jaurlaritzaren Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkaritza nagusia izango dira, eta Lan eta Gizarte Politika sailarekin arituko dira elkarlanean. Horrez gain, kudeaketan parte hartuko dute Oñatiko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, baita errefuxiatuei eta migratzaileei laguntza eskaintzeko jarduten duten tokiko elkarteek ere.

Eusko Jaurlaritzak ohar bidez azaldu duenez, zentroak ostatu emango die asilo eskaria eskatu duten edota beren egoera argitzeko zain diren migratzaileei. Salbuespen egoeretan, egoitzak aukera izango du zaurgarritasun egoeran dauden migratzaileak ere hartzeko. Gehienez, hiru hilabetez hartu ahalko dute babes zentroko erabiltzaileek. Dena den, epe hori irizpide teknikoen arabera murritz edo luza daitekeela argitu du Jaurlaritzak.

Jaurlaritzaren esanetan, proiektuarekin, migratzaile askok duten "babesgabetasun egoerari erantzun" nahi zaio, eta beren "oinarrizko beharrak" betetzeko aukera erraztu, "bizi duten egoerarentzako neurri bideragarriak eta egonkorrak" bilatzen diren bitartean.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.