LAGUNTZAK EUSKARAZKO HEDABIDEEI

Jaurlaritzak milioi bat euroko diru laguntza eman dio BERRIAri

Handitu ditu 2003ko jardunagatik euskarazko hedabide idatzi gehienei eman beharreko laguntzak 2002koen aldean

Amagoia Gurrutxaga Uranga.
DONOSTIA
2004ko martxoaren 11
00:00
Entzun
Joan den ostiralean Euskal Autonomia Erkidegoko Aldizkari Ofizialean argitaratuta agertu zenez, 1.054.650 euroko diru laguntza eman dio Jaurlaritzaren Kultura Sailak Berria egunkariari, 2003ko jardunagatik. Laguntza horren parterik handiena, 1.029.450 euro, paperezko egunkariak jaso du. Gainerakoa, 25.200 euro, egunkari honen Interneteko edizioari eman dio Jaurlaritzak, berria.info guneari.

Iazko irailaren 3an egin zen publiko 2003an «komunikabideetan euskararen erabilera sendotu eta euskal komunikabideen egitasmoak bideragarriago egiteko diru laguntzak emateko modua arautzen» duen Kultura Sailaren agindua, eta horren barruan jaso ditu aipatutako laguntzak Berriak.Aurreko urteetakoenaldean, iazko aginduak bazituen berrikuntza batzuk. Euskarari toki esanguratsua eskaintzen dioten erdarazko egunkariek diru laguntza jaso zezaketen, esate baterako. Hala ere, mota horretako egunkari bakarrak ere ez du diru laguntzarik jaso. «Eskatutako gutxieneko euskara kopurura heldu ez direlako», Kultura Saileko iturrien arabera. 2003ko laguntzetan ezarritako beste berrikuntza bat tokiko egunkarien multzoaren sorrera izan zen. Atal horretan jaso dute diru laguntza Hernaniko Kronika-k, Oarsoaldeko Hitza-k eta Tolosaldeko Hitza-k. Iazko diru laguntzak banatzeko Jaurlaritzaren Kultura Sailak egin zuen deialdiaren arabera,multzo eta kopuru hauetan eman behar zuen dirua: 1,7 milioi euro eguneroko prentsaren atalean; 1,63 milioi euro bestelako maiztasuneko argitalpenetan informazio orokorreko aldizkariak, tokikoak eta zientzia, pentsamendu eta zabalkunde aldizkariak; 244.693 euro euskarazko irratietan; 131.000 euro euskarazko tokiko telebistetan; eta 82.000 euro Internet sareko argitalpenetan. Joan den ostiralean argitaratu ziren laguntza kopuruetan, banaketa aldatuta ageri da: eguneroko prentsaren atalean iragarri baino 526.172 euro gutxiago eman dituzte; bestelako maiztasuneko argitalpenen artean iragarri baino 260.223 euro gehiago banatu dituzte; eta 317.996 gehiago euskarazko irratietan.

Atzerapenak etaaurtengo deialdia

Eusko Jaurlaritzaren Kultura Saileko iturrien arabera, diru laguntzak jasotzeko atzerapenengatik kexatzen direnek «arrazoia dute guztiz», baina Administrazioak urrats batzuk bete behar ditu, eta urte batzuetan aurreko urteko aurrekontu luzatuekin jardun beharrak are gehiago atzeratzen ditu urrats horiek. Aurtengo deialdiari buruz galdetuta, «lehenbailehen ateratzeko ahalegina» egingo duela erantzun du Jaurlaritzak. Hango iturriek nabarmendu dutenez, «kontuan izan behar da aurten iazko aurrekontuak luzatu direla, eta horrek ere eragiten du prozesu hauetan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.