Eusko Jaurlaritzak gaur onartu du 1960. eta 1978. urteen arteko estatuaren biktimei aitortza eta ordaina emateko dekretua. Idoia Mendia Jaurlaritzako Justizia sailburuak gaur eguerdian egin du agerraldia Gasteizen, eta hark azaldu duenez, hilaren 20tik aurrera egin ahal izango dituzte eskaerak biktimek.
Dekretuak epe horretan "motibazio politikoko indarkeria egoeran gertatutako giza eskubideen urraketaren ondorioz" sufrimendu bidegabeak jasan dituzten pertsonei aitorpena eta erreparazioa egitea du helburu, eta hilabete barru hasiko da biktima gisa onartuak izan nahi dutenen eskaerei erantzuten.
Onartutako biktimei emango zaiena "diruzko ordaina, birgaitzea, arreta pertsonala eta gogobetetze morala" izatea aurreikusten du Jaurlaritzak. Dirutan, 35.000 eta 390.000 euro arteko kalte-ordainak jasoko dituzte biktimek.
Dekretua EAEko Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren eta hilabeteko epean, Jaurlaritza biktimen kasuak aztertzeaz arduratuko den batzordearekin bilduko da.
Jaurlaritzaren arabera, estatu indarkeriaren ondorioz 62 lagun hil ziren 1978. urtera arte, baina soilik 25 lagunekin lortu du harremanetan jartzea. Kasu gehienak Poliziaren kontroletan eta manifestazioan hildako edo zauritutako lagunenak dira.
Hasiera batean, 1968. urtetik aurrerako biktimak sartu zituzten zirriborroan, baina Jaurlaritzak aldaketa egin zuen ondoren.
Egiari Zor Fundazioak, dekretuari kritika
Egiari Zor Fundazioak gaur salatu du Jaurlaritzak ez dituela kontuan hartu orain arte "ez egiarik, ez justiziarik, ez erreparaziorik" jaso duten biktimen dekretua hobetzeko proposatu zitzaizkion emendakin garrantzitsuenak.
Fundazioaren arabera, "Estatu terrorismoaren biktimen ezagutzan benetako aurrerapausoak ematea kosta ahala kosta" ekidin nahi duen Madrilgo Gobernuaren "presioei" men egiten die.
"Frankismo garaikoak Estatu terrorismoaren biktimak izan ziren, eta ez polizi bidegabekerien biktimak", salatu dute ohar baten bidez.
Dekretuak beste "gezur" bat ere jasotzen du, Egiari Zor Fundazioaren iritziz: motibazio politikoko biolentzia ETAk sortu zuenarena. "Edozeinek daki erakunde hori jaio zen unean Estatu terrorea jaun eta jabe zela", adierazi dute.