2006ko udazkenean Araban hasi ziren Abiadura Handiko Trenaren (AHT) lanak, Urbinan, eta Gipuzkoan gaur eman ditu hasitzat Eusko Jaurlaritzako Garraio eta Herri Lan Sailak. "Zuinketa-akta sinatzen den unean hasten da ofizialki obra burutzeko epea, eta, kasu honetan, Ordizia eta Itsasondo artekoa egiteko 31 hilabeteko epea dago", adierazi du gaur Jaurlaritzak, prentsa oharrean. Hala ere, oraingoz ez dute makinarik eta langilerik bidali. AHT Gelditu! Elkarlanak jakinarazi du obra materialak ez direla hasi.
Itsasondoko Udalak, berriz, goierrikohitza.infori adierazi dio ez dakiela lanez "ezer". Oraingoz, behintzat, han ez dago ez makinarik, ez langilerik, ez mugimendurik, hedabide horrek dioenez.
Goierriko AHT Gelditu! Elkarlanak salatu egin du Jaurlaritzaren jarrera, "herritarrak informatu beharrean nahastu besterik ez dituelako egin nahi. Hasi duten gauza bakarra tramitazio formala da. Gainera, tramitazio horri ezin zaio 'hasi' izanaren kalifikatiboa jarri; Eusko Jaurlaritzak urteak daramatza 'obrak hasten'". Talde haren arabera, oraindik ere tramitazio legal "asko" geratzen da. "Horien artean, desjabetzeen inguruko informazio-publikoaren epea bukatzea, egon daitezkeen helegiteak aztertu eta erantzutea, akten altxamendua...; beraz, gogor salatu nahi dugu Eusko Jaurlaritzak herritarrak nahasteko erabiltzen ari duen politika gezurtia!".
Itsasondoko Udalak ere kritikatu egin du Jaurlaritza. "Guk oraindik ez dakigu ezer, ez dugu inongo jakinarazpenik jaso". Lehenago ere AHTri buruzko "informazio falta" salatu izan du hango Udalak.
Jose Miguel Santamaria Ordiziako alkateak aipatu du datorren astean direla prentsaurrekoa ematekoak Jaurlaritzakoak Ordizian bertan. Alkateak aurreratu duenez, "laupabost aste barru" hasiko dira obrak egiten.
Datuak
Euskal Autonomia Erkidegoan, AHTren Arabako eta Bizkaiko lanen ardura Espainiako Gobernuko Sustapen Ministerioak dauka, eta Gipuzkoakoa Eusko Jaurlaritzak. Desjabetzeko prozesuetan ia jabe guztiekin adostasuna lortu duela dio honek. 60.290.003,53 euroko "oinarrizko" aurrekontua dauka Ordizia-Itsasondo tarteak.
Proiektuaren arabera, 2.859 metroko luzera izango du, eta %98 tunelean joango da (2.814 metro). "Trenbide azpiegiturak izango duen begi-inpaktu eta ingurumenaren gaineko eragina, beraz, ahal bezainbat minimizatu dira", Jaurlaritzaren esanetan. 250.000 metro kubiko haitz aterako dituzte, eta tunelari eusteko ehun mila metro kubiko hormigoi erabiliko dituzte, 850 tona altzairu zuntz, 200 kilometro altzairu buloi eta 1.100 tona altzairu koadro metalikotan. Sareak tarte horretan izango duen gehieneko aldapa %12,19koa izango da.
Gipuzkoako zatia "hastea" "euskal trenbide sare berria eraikitzeko bidean urrats garrantzitsua" dela iritzi dio, "eta bidaiari eta salgaien garraio-sistema integral moderno eta iraunkorra lortzeko aurrerabide funtsezkoa".
Azpiegiturak
Jaurlaritzak Ordizia eta Itsasondo arteko AHTko lanak hasitzat eman ditu
Zuinketa-aktak sinatuta daudenez, "formalki abiatutzat" eman ditu, baina oraindik ez dute makinarik eta langilerik bidali. 31 hilabeteko epea dute orain obrak egiteko. Lanen hasierari buruzko ezer ez dakiela salatu du Itsasondoko Udalak (Gipuzkoa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu