Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen Zuzendaritzak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hobi komunen mapa jarri du sarean. Justizia Sailaren webgunean -www.juspav.ejgv.euskadi.net- ikus daiteke mapa. Horrekin batera, 1936ko gerran eta frankismoan EAEn desagertutako eta fusilatutako pertsonen zerrenda ere kontsulta daiteke. 8.560 biktimaren izena jasotzen da zerrenda horretan oraingoz.
Aranzadi Elkarteak 2003an sinatu zuen Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailarekin hobi komunen inguruko ikerketak egiteko akordioa. «Mapa hau urte hauetan egindako lanaren emaitza da. Duela urte eta erdi hasi ginen mapa egiten. Honekin egiten dena legea betetzea da. Izan ere, Espainiako Memoria Historikoaren Legeak agintzen du mapa egitea», dio Paco Etxeberria Aranzadi Elkarteko kideak. Hala, gogorarazi du Nafarroan oraindik ez dagoela eginda. «Printzipioz, Nafarroako Gobernuak urtea amaitu aurretik kaleratu behar zuen mapa hori egiteko lehiaketa publikoa. Baina oraindik ez du halako ezer egin».
Jaurlaritzak aurkeztutako mapa «dinamikoa» izatea da Etxeberriaren nahia. «Gaur [atzo] bertan beste hobi bat ikusten aritu gara, eta datuak biltzen eta baieztatzen goazen heinean, webgunea berrituz joatea nahi dugu. Izan ere, zorionez, gaur egun beldur gutxiago dago gaiaz hitz egiteko, eta gero eta jende gehiago jartzen da harremanetan gurekin hobien inguruko informazioa emateko». Halako proiektuak aurkeztean, gainera, hartu-eman hori handitu egiten dela nabarmendu du. «Batzuek uste dute guk badugula beraiek ezagutzen duten hobi baten informazioa. Baina ez dela horrela ikusten dutenean, deitu egiten dute».
Maparen atzean lan handia dagoela gogorarazi du. «Hobi bakoitzaren inguruan txosten zehatz bat dugu eginda: argazkiak, lekukoen informazioa...». Hobiak aurkitzea ez da lan erraza izan. «Kontuan izan behar da 70 urtean asko aldatu dela hemengo geografia, eta hainbat hobi ezingo ditugula sekula topatu. Izan ere, haiek zeuden lekuan gaur egun etxebizitzak, industrialdeak eta halakoak daude».
Informazio horren berri ematearen garrantzia nabarmendu du Etxeberriak. «Biktimek eta haien senideek justiziarako, egin zaien kalteagatik ordaina jasotzeko eta egia jakiteko eskubidea dute. Halako ekimenen bidez eskubide horiek aitortu nahi zaizkie biktima guztiei. Orain espero dugu hobi horiek memoriarako eta oroimenerako leku bihurtzea».
Gehiagoren beharra
Datu horien berri ematearen garrantzia aitortu du Ahaztuak1936-1977 elkarteko Martxelo Alvarezek, eta Aranzadik egindako lana nabarmendu. «Aspalditik aldarrikatzen genuen hori. Ez hori bakarrik, baita webgunean agertzen diren beste agiri eta txosten batzuk ezagutu ahal izatea: hobien inguruko protokoloa, adibidez. Orain webgunea berritzen eta zabalduz joatea da kontua. Ez dadila aurkezpen ponpoxo batean geratu».
Ekimenak «ilun-argiak» dituela uste du. Webgunean ageri denEgia berreskuratu, isiltasuna hautsi leloa jarri du horren adibide. «Egia erabatekoa izateko,ez da nahikoa hil zituztenen izenak jakitea. Zergatik ez da hiltzaileekin beste zerrenda bat egiten? Kasu batzuetan, beharbada,ez da jakingo, baina beste kasu batzuetan, bai». Halaber, halako aurkikuntza bat egiten denean ikerketa judizial bat eginbeharko litzatekeela iritzi dio Alvarezek. «Guk beti eskatu dugu indusketa horietan epaile bat egotea hildakoaren gorpua altxatzeko».
Gainera, webgunean Memoria Historikoaren Legearekin eta Eusko Jaurlaritzak alor horretan egindako lanarekin oso pozik daudela uste du. «Guk ez dugu uste hala denik, asko falta baita egiteko. Oraindik zain gaude sinbologia frankistak kaleetatik erabat desagertzeko eta gaiaren inguruan benetako ikerketa judizial bat izateko».
Jaurlaritzak sarean jarri du EAEko hobi komunen mapa, kontsultarako
Frankismoan eta 1936ko gerran fusilatutakoen eta desagertutakoen zerrenda erantsi dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu