Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidentea igande honetan Barakaldon (Bizkaia) izango da, PSE-EEren festa batean, eta Miren Azkarate Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak gaur hari eskatu dio bisita probestu dezala Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakariarekin biltzeko.
Ibarretxek 2008ko urriaren 25ean herri galdeketa egin nahi du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, iazko irailaren 28an Eusko Legebiltzarrean jakinarazi zuenez. Ekainerako Espainiako Gobernuarekin akordioa lortu gura du, eta Zapaterok lehengo astean iragarri zuen ekaina amaitzerako bilduko dela harekin, eguna zehaztu gabe. Jaurlaritzak egin dio proposamena orain, "bisitaren berri hedabideen bidez" jakin duenean. Zapaterok behin eta berriro jakinarazi du ez duela Ibarretxeren proposamenak aurrera irtengo, "abentura" delako.
Lehendakariak bi irizpidetan oinarrituta lortu nahi du akordioa: “Indarkeriari uko egin eta euskal gizartearen nahia errespetatu”. Espainiarekin akordioa lortu edo ez, Ibarretxe ekainean Eusko Legebiltzarrera joango da: akordioa berresteko edo galdeketa deitzeko. Hor ez badu gehiengoaren babesik jasotzen, EAEko hauteskundeak deituko ditu. Galdeketaren ondoren, alderdi politikoen artean akordio politiko lortzeko fasea abiatuko litzateke, "inolako bazterkeriarik gabe". "Prozesuari amaiera emateko", 2010eko bigarren sei-hilekoan erreferendum "erabakigarria" egitea proposatu du Jaurlaritzako lehendakariak.
"Zapaterok elkarrizketako borondatea badauka, aukera bikaina izango du asteburuan bilera hori egiteko", esan du gaur Azkaratek. "Bakea eta normalizazio politikoa lortzeko bidean 204 eguneko atzerapena dugu [2007ko irailaren 28 hartatik]". Jaurlaritzak "eskua luzatuta" duela dio bozeramaileak.
Politika
Jaurlaritzak Zapaterori eskatu dio asteburu honetan biltzeko Ibarretxerekin
Espainiako gobernuburua Barakaldon izango da igandean. Lehengo astean iragarri zuen ekaina bukatzerako elkartuko dela Jaurlaritzako lehendakariarekin, honen proposamenaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu