Politika

Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak Imanol Gomezen heriotza salatzeko manifestazioak debekatu dituen bitartean, Askatasunak mobilizatzeko deia mantentzen du

Bihar Bilbon, Donostian eta Gasteizen egitekoak diren manifestazioak debekatu ditu Herrizaingo Sailak, agiri baten bidez jakinarazi duenez. "Ekitaldi horiek terrorismoaren goratze delitua egiteko arriskua sortzen dute, eta baita ordenu publikoaren aurkako gertakariak zein azken orduetan jazo diren bezalako ondasunen kontrako erasoak gertatzekoa sortzen dute", argudiatu du aipatu erakundeak manifestazioak galarazteko. Askatasunak, bere aldetik, Jaurlaritzaren debekua irmoki salatzeko prentsa ohar bat atera du. “Beste behin ere polizia argudioak justizia, bake bidea eta gatazka gainditzearen bidearen gainetik jartzen ditu Gasteizko Jaurlaritzak”, adierazi du Askatasunak.

2005eko uztailaren 22a
19:09
Entzun
Ondasunen kontrako erasoen artean, Donostian autobus bat eta Bilbon, Getxon, Elorrion, Abadiñon eta Donostian zaborren edukiontziak erre izana aipatu ditu Herrizaingo Sailak.

Manifestazioaren antolatzaileek debekuari men egitea espero duela zehaztu du Herrizaingo Sailak agirian, "Espainiako Gobernuaren Nafarroako Ordezkaritzaordetzaren galarazpenarekin egin zuten bezala".

Askatasunak, berriz, esan du indar armatuen bitartez herri honen espresio bideak isilarazi nahi dituztela, eta biolentziaren monopolioa bereganatzen dutela, beste edonori biolentzia bazter dezan eskatzen dioten bitartean. Gaineratu du errepresioaren bidetik bakerik izango ez denez, Espainiak eta Frantziak abian duten gerra estrategiarekin behin betiko bukatzea eskatzen dutela. Horregatik, bihar, hori guztia aldarrikatzeko modurik onena Imanol Gomez omentzea dela aldarrikatu dute. Askatasunak biharko deituta dauden mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatu die euskal herritarrei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.