Kataluniako Legebiltzarrerako bozak

Jaurlaritzako Hirukoko alderdiek gustura hartu dituzte Kataluniako emaitzak

EAJ, EA eta EB-IUko buruzagiak pozik agertu dira Kataluniako hauteskundeetako emaitzekin. EAJko eta EAko buruzagiek abertzaleen emaitza onak azpimarratu dituzte: hots, CiUren garaipena eta ERCren igoera handia. Halaber, emaitza horiek Ibarretxeren Plana indartzen dutela iritzi diote. EB-IUk, berriz, "ezkerra sendotu" dela nabarmendu du; areago, PSOEri galdegin diote ea zergatik dagoen Katalunian ERCrekin batzeko prest, eta Euskal Herrian, ostera, PPrekin giuztiz lerratuta.

2003ko azaroaren 17a
13:16
Entzun
Iñaki Anasagasti EAJko Madrilgo Kongresuko bozeramailearen iduriko, Kataluniako hauteskundeetako emaitzek Ibarretxeren Plana sendotzeko balioko dute. "Bi alderdi abertzalek izango dute Katalunia gobernatzeko aukera. Baldintza horietan eztabaida bat sortuko da, jada ez dena Euskadin bakarrik aurrera eramango, baizik eta Katalunian ere gertatuko da", adierazi du. "Ondorioz, Ibarretxeren Plana indartuko da", erantsi du. PSCri, berriz, PSOEk Espainian duen jarrerak egin diola kalte uste du Anasagastik.

EAko buruzagitzako kide eta Jaurlaritzako Justizia sailburu Joseba Azkarraga ere pozik agertu da Kataluniako emaitzekin. Batetik, Katalunian "gehiengo abertzale eta progresista bat" eratu delako, eta, bestetik, PPk ez duelako inolako pisu politikorik. "PP ez da ezinbestekoa Katalunian, eta hori oso datupositiboa da han politika abertzale eta progresista bat aurrera eraman dezaten", esan du.

Halaber, Juan Sanchez Vallejo EB-IUko Presidentziako bozeramailea ere gustura dago Kataluniatik heldutako albisteekin. Nolanahi ere, ezkerreko alderdiek lortutako emaitza onak azpiamarratu ditu Sanchez Vallejok, eta Kataluniako politikak "ezkerrerako norabidea" hartzea ezinbestekoa ikusten du."Aukera progresistak indartu dituzte katalanek, batez ere, IC-V ordezkaritza hirukoiztu baitu. Hori dela eta, edozeinek gobernatuta ere, Generalitateak programa progresista bat izan behar du oinarrian", iritzi dio.

Horrez gain, PSOEri galdera luzatu dio EB-IUko buruak; zehazki, Jose Luis Rodriguez Zapaterori galdegin dio zergatik dauden Katalunian ERCrekin gobernatzeko prest, eta, aldiz, Euskal Herrian erabat PPrekin lerratu diren eta estatu ereduari buruzko eztabaida zapuztu nahi duten. "Horri buruzko azalpen bat eman behar du Zapaterok, ulerkaitza baita Katalunian ERCrekin gobernatzeko prest egotea eta, aldiz, Euskadin XXI. mendeko elkarbizitza ereduari buruzko eztabaida ukatzea", esan du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.