Jaurlaritzako ituna hausteko ordua heldu dela deritzo Jesus Egigurenek

Hurrengo bozen ondoren lau alderdi nagusien arteko gobernu bat osatzearen alde egin du

Erredakzioa
2012ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
PPko buruzagiak Patxi Lopezen gobernuaz «huts egindako saio» gisa hitz egiten hasi badira, PSE-EEko lehendakari Jesus Egigurenek uste du PSE-EEk eta PPk hitzartutako gobernu ituna dela amaitutakoa, eta bi alderdiei eskatu die itun hori hausteko, «ordua delako».

PSE-EEko lehendakariak, dena den, ez du uste Lopezen gobernua «amaitu» denik. Aitzitik, uste du geratzen zaion urtebete honetan aldian aldiko itunak eginez irauteko moduan dela.

Legegintzaldia amaitu eta hauteskundeak egin ondoren, berriz, Eusko Jaurlaritza PSE-EEk, PPk, EAJk eta ezker abertzaleak elkarrekin osatzea nahi du Egigurenek, eta lehendakaritza bozak irabaziko lituzkeen alderdiak edukiko luke.

Balizko lauko gobernu hori osatzeko, ordea, baldintza bat bete beharko litzateke: «Batasuna egon dadin, ETAk desegin egin beharko luke, edo, gutxienez, desegin egin dela iragarri beharko luke».

El Diario Vasco egunkariari igandean eskainitako elkarrizketa batean plazaratu ditu ideia horiek PSE-EEko lehendakariak.

Egigurenentzat, PSE-EEk eta PPk duten gobernu ituna haustea ezinbestekoa da, itun horrek egun «botoak galtzeko» baino ez baitie balio bi alderdiei, eta, ondorioz, EAJri «mesede» egiten baitio; «alde guztietan jasoko ditu perretxikoak», adierazi du EAJz mintzo.

Itunik gabe ere Lopezek gobernatzen jarraitzeko modua duela uste du Egigurenek, eta legegintzaldi osoa betetzeko gai dela: «Itunik gabe ere, proposamen onak egiten baditugu, PPren edo EAJren babesa jasoko dugu».

Bake eta elkarbizitzarako lantaldeari buruz, berriz, Egigurenek ez du begi onez ikusten gaia Legebiltzarrean jorratzea. Haren ustez, lau alderdietako buruek osatutako kontseilu politiko batek landu beharko luke hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.