Eusko Jaurlaritzak hedabideekin duen harremanak bi alde ditu. Idatzizko harremana elebiduna izan ohi da; prentsa deialdi eta oharrak elebitan idatzi ohi ditu. Alor hori ondo zaintzen duten sailak badaude, baina harreman elebiduna lehenesten ez dutenak ere badira. Enplegu eta Gizarte Gaietarako Sailak ohikoa du mezu elektronikoak gaztelaniaz bakarrik bidaltzea; Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzua da kasu argiena. Ez da arraroa Enplegu Sailak eta beste batzuk, Industria eta Herrizaingo Sailak kasu, oharrak bi txandatan bidaltzea: gaztelaniazkoa lehenik, eta euskarazkoa, originala itzuli ondotik. Bi mezuen artean ordu erdi eta lau ordu arteko aldea egon daiteke; batzuetan ez da euskarazko itzulpenik iristen, hala ere.
Ahozko komunikazioei dagokionez, hizlariaren gaitasunaren araberakoa da harremana. Sailburu batzuek euskaraz egiten dute, baina beste batzuek euskaraz irakurtzen baino ez dakite. Kazetarien euskarazko galderei gaztelaniaz erantzun edo beste pertsonei ematen diete hitza. Lehendakariak ere ez du agerraldietan oreka gehiegi zaintzen. Esaterako, Global training bekadunen aurrean irakurri zuen hitzaldiko 724 hitzetatik 63 izan ziren euskaraz, «egunon» eta «eskerrik asko» barne.
Badira gaztelaniaz bakarrik egiten duten kanalak ere. Prentsa oharretan ez, baina Twitterren ia gaztelania hutsez egiten dute Osakidetzak eta Ertzaintzak.
Jaurlaritzan, euskara gaztelaniaren itzalpean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu