Euskal Autonomi Erkidegoak 2013. urterako izango duen aurrekontua aurtengoa baino %10 urriagoa izango dela adierazi du Iñigo Urkullu EAJko lehendakarigaiak, eta, beraz, datorren legealdiko Eusko Jaurlaritzak bere gaitasuna "oso murriztuta" izango dela gaineratu du.
"Hurrengo gobernuaren hasiera gogorra izango da, baliabide ekonomiko gutxi eta behar handikoa, baina berreskuratuko dugu gure gaitasuna, eta hazi egingo gara berriz. Posible da", adierazi du.
Gasteizko Santiago erietxearen aurrean eginiko hauteskunde ekitaldian egin ditu Urkulluk adierazpen horiek. Bertan, esan du EAJren proposamena dela "euskal osasun sistema berreskuratzea". Edonola ere, Urkullluk aitortu du ezin izango dituela proposamenak "iraganean legez" egin, azken hiru urteetan administrazioek gaitasun ekonomikoa galdu dutela argudiatuta.
EAJko lehendakarigaiak azaldu du administrazioan "zorroztasun eta doitasun garaiak" izango direla, baina gizartearen beharrak ez dituztela begibistatik kenduko. Gainera, nabarmendu egin du ekonomia hazte aldera zenbait neurri hartzeko beharra.