Pertsonen eskubideak

Jaurlaritzaren Berdintasun Legearen eskasiak agertarazteko kanpaina egingo du Bilgune Feministak

Bilgune Feministak kanpaina egingo du Eusko Jaurlaritzak proposatutako Berdintasun Legea txarretsi eta jendartea emakumeen eskubideak “benetan babestuko dituen” ekimen legegile baten premiaz ohartarazteko. Kanpaina ez ezik, talde horretako kideak elkarretaratzea egingo dute Gasteizen, Legebiltzarraren aurrean, barruan Jaurlaritzaren egitasmoa aztertu eta bozkatuko den egunean bertan.

2004ko urriaren 27a
19:26
Entzun
Jaurlaritzaren egitasmoak EAEk berak dituen “eskuduntza hutsuneak beregatu” dituela uste dute Bilgune Feministako kideek, eta zinezko aldaketak arautu beharrean, “sustatu besterik ez” dituela egiten pentsatzen dute.

Horixe nabarmendu dute Bilbon egindako agerraldian. Diotenez, Jaurlaritzaren legea ez da “eremu publiko eta pribatuan eragingo duen” araua; ez du inor ezertara behartzeko biderik ezartzen eta ez du, Bilgunekoek egindako azterketaren arabera, “asmo eraldatzailerik”.

Gobernuaren proposamenak “ahaztu” egiten bide ditu, abortoa eta ugalketa eskubideak, arautu gabeko lan merkatua, prostituzioa eta etxeko lanen inguruko onarpen soziala, bai eta familia bera eta eremu pribatua ere.

Kide feministon iritziz, Legebiltzarrera eraman beharreko egitasmoa bestelakoa beharko luke izan: Integrala eta bere garapenerako behar-beharrezkoak izango dituen bitartekoak mahai gainean ipintzeko konpromisoa.

Lehenengo eta behin, legeak “sexuen arteko harreman berriak arautu” beharko lituzke hala lan munduan, nola eremu politiko zein sozialetan. Horrez gainera, emakueei dagozkien eskubidea aitortu beharko lituzkeela uste dute: “Abortoa, norberaren gorputzaren gaineko kontrola, jokabide duina komunikabideetan, aukera berdintasuna, emakumeon ekarpenaren aitortza eta gu geu eta gure errealitatea ikusgarri egitea”.

Hori guztia lortzeko, Bilguneko kideek Plangitza Estrategiko Feminista egiteko premia aldarrikatu dute, “eragile politiko, ekonomiko, ideologiko eta sozialen artean adostutako konpromisoaren ondoren” abiatu beharko litzatekeena, euren esanetan.

Asmoak ez ezik, horiek gauzatzeko bitartekoak eskatu dituzte, azkenik, Bilgune Feministako kideek: “Eraginkorra izateko, legeak akordio sektorialak beharko ditu, bitarteko behartzaileak zehaztea ahalbidetuko dutenak”.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.