POLITIKA

Jaurlaritzaren biktimen txostena "murritzailea" dela salatu du ezker abertzaleak

Gernikan sinaturiko Bake Bidean akordioaren edukiak berretsi ditu, "non gatazka politikoak eta jatorri guztietako bortizkeriek eragindako biktima ororen aitortza, adiskidetzea eta erreparazioa aldarrikatzen den"

2010eko abenduaren 2a
17:55
Entzun
Eusko Jaurlaritzaren Biktimen Harretarako Bulegoak atzo Legebiltzarrean aurkeztu zuen biktimen txostenak "biktimen inguruko ikuspegi murritza eta murritzailea" duela salatu du ezker abertzaleak gaur. Ohar baten bidez jakinarazi duenez, "interes politikoen araberako biktimen mailakatzea" dakar txostenak, "lehenengo eta bigarren mailako biktimak zehaztuz".

"ETArenak ez diren biktima batzuk ETAri egozteko arazorik ez dago, baina Estatuaren indarkeriak sorturiko biktimak ordea, ez ditu ez izendatzen ez zerrendatzen Eusko Jaurlaritzaren txostenak", adierazi du ezker abertzaleak. Bere ustetan 1985etik 2000 urtera Estatuaren indarkeriak sorturiko biktimak ez direla motibazio politikoak eragindakoak entzutea "tamalgarria da".

Ikuspegi murritzaile horrek, gainera, ez diola bake prozesu "justu, demokratiko eta iraunkor" bati laguntzen ere zehaztu du. Horregatik, ezker abertzaleak Gernikan sinaturko Bake Bidean akordioaren edukiak berresten dituela dio, "non gatazka politikoak eta jatorri guztietako bortizkeriek eragindako biktima ororen aitortza, adiskidetzea eta erreparazioa aldarrikatzen den".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.