Larraitz Ugarte Gipuzkoako Diputazioko bozeramaileak berretsi duenez, ez da ekonomia suspertzeko "inolako planik" atera, atzo Jaurlaritzak, diputazioekin eta Eudelekin egindako bileratik. "Ez ginen akordio batekin atera, eta hori oso garrantzitsua da. Uste dugu Urkulluk aurrez idatzitako gidoiaren argazkia atera nahi izan duela". Defizita malgutuz gero zorpetzeko luketen diru gehigarriarekin instituzioen arteko funtsa hitzartu zutela jakinarazi zuen atzo Josu Erkoreka Jaurlaritzako ahaldun nagusiak.
EAJk, atzo bileran gertatutakoa "desitxuratu" egin zuela uste du, berriz, Ugartek. "Bilerak ez zeukan kontsentsua helburu. Proposamena entzutera joan ginen gu. Pentsatu genuen emankorragoa izango zela, gehiago espero genuen, huts egin digu". Gogorarazi nahi izan du, bileran aipatu zuten ekonomia indarberritzeko diru hori defizitaren balizko malgutzeak eragingo lukeen zorpetzeko gaitasunetik datorrela, eta zorpetzea instituzioen gain geratuko litzatekela. "Badirudi 245 milioi euro dauzkagula kaxa batean, baina hori ez da egia".
"Aurrekontuak foru arauaren bidez onartzen dira, eta defizitaren malgutzea ere bide horretatik proposatu beharko litzateke", Ugarteren arabera. Horregatik, funtsari buruz erabakiko lukeen batzordean parte hartzeko baldintzak jarri ditu EH BIlduk: "Egiten diren proposamenen eta gisa horretako taldearen egokieraren araberakoa izango da".
PSEk ere Urkulluren akordio ezari erreparatu dio. Jose Antonio Pastor legebiltzarreko sozialisten bozeramailearentzat "argazkia behar zuen" Urkulluk, ahaldun nagusiekin eta Eudelekin. "Herri akordioak legebiltzarrean egiten dira", han ordezkatuta dauden alderdien artean, eta atzokoa komunikabideak elikatzeko egindako argazkia besterik ez dela izan uste du, "ez etorkizunerako irtenbidea topatzeko".
Alderdien arteko bilerari begira
Alderdien artean egindako akordioetara begira jarri da Urkullu ere. Egonkortasun akordioa lortzen "tematuko" da lehendakaria, eta prest dago "akordio parlamentario bat" lortzeko. Hori izango da alderdiekin egiteko asmoa duen bilerara eramango duen proposamena. "Gizarte honek premiazkoak dituen gaiez hitz egingo da, egonkortasuna bilatze aldera. Horretan tematuko naiz". Alderdiekin bilera ez dago zehaztuta. Litekeena da datorren aste hasieran egitea.