Antonio Basagoiti EAEko PPko presidenteak adierazi du Eusko Jaurlaritzaren eta Errioxako Gobernuaren arteko arazoaren konponbidea «bideratuta» dagoela. PPko buruzagiaren aburuz, beranduenera abenduaren 1erako Arabako Errioxako eriak artatzen hasiko dira Errioxako (Espainian) osasun etxeetan. Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Rafael Bengoak eta Errioxako arduradun Jose Ignacio Nietok bilera izan zuten atzo, Logroñon, Errioxako hiriburuan, Arabako Errioxako herritarrek irailetik duten arazoa konpontzeko.
Akordiorik ez zuten lortu, baina, osasun arduradunen esanetan, bi gobernuek akordioa erdiesteko «borondatea» dute. Nolanahi ere, haiek azaldu zuten hori ez dela gauzatuko abenduaren 1a baina lehen. Bi aldeek batzorde tekniko bat sortu dute Arabako herritarrek jasotzen duten osasun zerbitzua aztertzeko. Hala nola Errioxak artatzen dituen gaixoen kopurua eta Errioxak zerbitzua eskaintzeagatik jaso dezakeen konpentsazioa aztertu behar dituzte. Bengoaren ustez, bi erkidegoen arteko osasun zerbitzuak partekatzea «interakzio ekonomikoa» baino «eraikitzaileagoa» da.
Gose greba, bertan behera
PPko buruen hitzak aditu ostean, gose greba bertan behera uztea erabaki zuen atzo Ruben Garrido Oiongo alkateak (Araba). Lortu nahi zuena «erdietsi» zuela esan zuen. Asteazkenetik zegoen Errioxako Gobernuaren egoitzaren aurrean. Esan zuen PPko kideek azaldu ziotela «konpromiso sendoa» dagoela auzia konpontzeko.
Jaurlaritzaren eta Errioxaren arteko osasun arloko arazoa «bideratuta» ikusten du PPk
Eusko Jaurlaritzak eta Errioxako Gobernuak diote «borondatea» dutela akordioa lortzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu