Eusko Jaurlaritzaren eta Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluaren arteko harremana "egokia" da Patxi Baztarrika Hizkuntz Politikarako sailburuordearen irudiko. Hala esan du Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan: "uste dut guztiz egoki eta normalak direla".
Dena den, Baztarrikak onartu du harreman horietan gorabeherak izan direla, eta esate baterako, Eusko Legebiltzarrean aurrekontuak eztabaidatu zirenean Kontseilua "ildo politiko jakin batekin" gehiegi lerratu zela iritzi dio. "Nahiago nuke hizkuntz politikaren egokitasuna aurrekontuetan %1-2 edo 20 gehiago ematearen baitan balego. Kopuru horiekin konponduko balitz euskararen kontua. Hala balitz neu izango nintzateke borrokalaririk handiena diru gehitze horien alde. Alegia, hizkuntz politikaren kontu hauek hori baino sakonagoak dira", agertu du.
"Krtika horiek nahasten direnean esanez hizkuntz politika bat agortuta dagoela, eta eredu berri bat behar dela, eta abar, bistan da horrek ildo politiko jakin baten interesei eta diskurtsoari erantzuten diola. Ez dut uste hori ona denik euskararentzat. Diskurtso politiko guztiak lejitimoak dira, baina norbaitek nahi baldin badu euskararen arlo horretan gizarteko irekitasun eta zabaltasunaren ordezkari izatea, kasu horretan kontu handiarekin ibili behar du inongo ildo poliltikoaren haritik ez ibiltzeko", nabarmendu du.
Nolanahi ere, ez da hori izan Kontseiluari egin dion kritika bakarra, baizik eta zenbaitetan erakunde publikoen lekua bete nahi izan duela iradoki du Baztarrikak: "Jaurlaritzak itsu-itsu sinesten du elkarlanean, baina elkarlana ulertzen badugu osagarritasun gisa. Elkarlana ulertzen badugu inor inoren alternatiba izan nahian, eta erakunde publikoei beren egitekoei bizkar eman diezaietela eskatuz, erakunde publikoei markajea egiteko helburuarekin... orduan, osagarritasuna berez erortzen da, eta osagarritasunik ez dagoen lekuan elkarlanik ez dago".
Dena den, egunero-egunero euskalgintzako eragile ugarirekin elkarlan harreman estua dutela azpimarratu du Baztarrikak, eta erakunde horietako asko Kontseiluko kideak direla. "Elkarlana ezinbestekoa da, ezinbesteko makulua euskara aurrera eramateko".
Hizkuntz politika
Jaurlaritzaren eta Kontseiluaren arteko harremanak "egokiak" direla dio Baztarrikak
Hala ere, Kontseiluak Gobernuaren egitekoak beretzat hartu nahi izan dituela iradoki du Hizkuntz Politikarako sailburuordeak. Egunerokoan, ordea, euskalgintzako eragile askorekin harreman "estua" dutela, eta Jaurlaritzak "itsu-itsuan" sinesten duela elkarlanean nabarmendu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu