Torturak

Jaurlaritzaren ezezkoa jasota, TATek bere gain hartu du torturen inguruko 'spot'-a gizarteratzeko lana

Torturen arazoa gizarteratzeko 'spot'-a egin du TAT Torturaren Aurkako Taldeak. Beren asmoa zen Eusko Jaurlaritzaren laguntzaren bidez iragarki hori irrati eta telebistetan zabaltzea, baina Gasteizko Gobernuak ezezkoa eman die. Ondorioz, TATek berak hartuko du 'spot'-a hedatzeko lana. Nolanahi ere, Jaurlaritzaren jarrera salatu dute, beren iduriko, biktima batzuk aintzat hartzen dituelako, baina beste batzuei jaramonik ez dielako egiten. Ildo horretatik, torturatuak ere biktimak direla azpimarratu dute, eta Euskal Herrian 7.000 bat pertsona direla kinka horretatik igaro direnak.

2004ko otsailaren 13a
17:58
Entzun
Txema Urkijo Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen eta Justiziarekiko Lankidetzaren zuzendariarekin bildu dira aste honetan TAT Torturaren Aurkako Taldeko kideak, hain zuzen ere, torturaren inguruan egin duten 'spot'-a aurkezteko eta hura irrati eta telebisten bidez zabaltzeko laguntza eskatzeko.

Jaurlaritzak, ordea, ez du bere gain hartu iragarki hori gizarteratzeko ardura, eta, ondorioz, lan hori eurek egitea erabaki dute TATeko kideek. Hala, herri eta auzoetan banatuko dute jendeak arazoaren kontzientzia har dezan.

Susana Atxaerandio TATeko kide eta torturatua izanak, Urkijorekin batzarra izan ondoren "sentsazio txarrarekin" atera zela esan du. Hain zuzen ere, Giza Eskubideen lankidetzarako zuzendariak torturak gertatzen zirela jakin bazekitela esan zien, baina tratu txarren zantzuak nabarmenak diren kasuetan izan ezik, ez dutela ezer egiterik. Horrek "ezintasun" handia sentiarazi ziola agertu du Atxaerandiok: "izan ere, horrek esan nahi du pertsona bat polizietxetik Unai Romano bezala ateratzen bada, hau da, tortura arrasto handiekin, Jaurlaritza prest dagoela babesa emateko eta kasuaren segimendua egiteko. Aitzitik, pertsona bat ateratzen bada, ni bezala, teorian markarik gabe, bost axola. Guk pasa dugun guztiak bost axola. Gainera, Unairena bezalako kasuak gutxi dira. Kalkulatzen dugu 7.000 bat tortura kasu izan direla, eta horrelako arrastoak ageri zituzten kasuak, berriz, sei bat baino ezin ditut gogoratu", agertu du.

Euskal Herrian 7.000 bat lagun izan direla torturatuak azpimarratu dute TATekoek; 2002an 127 pertsonek egin zutela tortura salaketa, eta 2003an 89k. Halaber, salaketa horiek Euskal Herriko polizia guztiak biltzen dituztela nabarmendu dute: Ertzaintza, Espainiako Polizia, Guardia Zibila zein Frantziako Polizia.

Spot -ari dagokionez, torturak jasan dituzten lau lagunek lekukotasunak jasotzen dira: Unai Romanorena, Susana Atxaerandiorena, Oskar Bizkairena eta Garikoitz Urizarrena. Ez da gutxi batzuen arazoa. Tortura gizartearen gaitza da, guztion ardura da leloarekin amaitzen da iragarkia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.