Eusko Jaurlaritza «buru-belarri» dabil lanean normaltasunera itzultzeko planaren oinarriak zehazten. Hala adierazi du gaur Josu Erkoreka bozeramaileak, Nekane Murga Osasun sailburuarekin batera egin duen agerraldian. «Helburua da herritarren ohiturak mailakatuta eta berme osoz berreskuratzea». Lehen neurria astelehenean jarriko da martxan: 14 urtetik beherakoek kalera irteteko baimena izango dute, mugatuta. Hurrengo pausoak kirola egiteko eta denda eta saltoki txikiak irekitzeko baimenak izango dira.
Plan hori osasun egoerak baldintzatuko du, eta Erkorekak azpimarratu du aurrerantzean ezinbestekoa izango dela hiru neurri betetzea «atzerapausoak ez emateko»: urruntze fisikoa, maskaren erabilera, eta eskuen eta espazio komunen higienea bermatzea. Horri dagokionez, «herritar guztiek maskarak eskuragarri izateko lanean» dabiltzala esan du, eta euskal enpresei eskertu die «ekoizpen propioa izateko» egiten ari diren lana.
Iñigo Urkullu lehendakariak asteon egin duen moduan, joan den astean hainbat enpresatan lanera itzuli izanaren balantze positiboa egin du bozeramaileak: «Erakutsi dugu lana eta osasuna bateragarriak direla». Industria eta eraikuntza jarduerak %30eko gaitasunean dabiltza lanean.
Beste kolektibo batzuk normaltasunera itzultzeko ere lanean dabil Jaurlaritza. Hezkuntzan protokolo bat osatu dute, erakundeetan ere lan presentziala berreskuratu nahi dute, eta udako jai eta jaialdien aurreikuspenak egiten ere hasi dira. Jaurlaritza aste honetan bilduko da Foru Aldundiekin eta Eudelekin gai hori jorratzeko, nahiz eta Erkorekak aitortu duen «normaltasunera itzultzeko denbora gehien beharko duten ekitaldiak» direla.
Datuak
Bestetik, Murgak egin du azken datuen analisia. Pandemia «hobekuntza fasean» dagoela esan du, eta egun gutxi barru hainbat osasun zentrotan ez dela COVID-19 kasu bat bera ere izango.
Euskal Herrian 266 kasu berri erregistratu ziren atzo, eta 17.663 baieztatu dituzte guztira. Hildakoak, berriz, beste 34 dira, eta 1.500 heriotzaren muga gainditu da gaur: 1.502 pertsona hil dira Euskal Herrian koronabirusaren ondorioz.