Torturari buruz Paco Etxeberriak eta haren taldeak atzo aurkeztutako txostenari "errespetua" agertu dio gaur Jeroen Schokkenbroek CPT Torturaren Prebentziorako Europako Batzordeko idazkariak. 4.113 tortura kasu dokumentatu ditu EHUren Kriminologia Institutuak. PSE-EEk esan du ikerketaren metodologia "azalpenezkoa" dela, baina Schokkenbroekek esan du lana ere "serioa" dela eta, beraz, errespetua diola gaineratu du. Halaber, gaineratu du giza eskubideen inguruko lan batek ez lukeela inoiz ika-mika iturri izan behar. "Jaso ditudan testigantza guztiei buruz gauza bera esan dezaket: inork ez nau engainatu", esan zuen atzo Etxeberriak.
Eusko Legebiltzarrean izan da gaur CPTko arduraduna, Espainiari buruzko 2016ko txostena aurkezteko. Jaurlaritzaren enkarguz egindako lanaz galdetu diote kazetariek CPTko idazkariari, eta hark esan du ikerketa egin duten ikerlariek jakinarazi ziotela CPTri duela hilabete batzuk zertan ari ziren, baina berak ez duela oraindik dokumentuaren edukia ezagutzen. Nolanahi ere, torturari buruzko egia argitara ateratzeko egiten diren "ahalegin serio guztiak" aintzat hartzekoak direla esan du Schokkenbroekek. Haren ustez ezinbestekoa baita torturaren inguruan gertatutakoa ikertzea, "berriro ez errepikatzeko eta etorkizun hobea izateko".
EH Bilduren esker ona
Txostenari buruzko balorazioa egin du, halaber, EH Bilduk. Julen Arzuaga legebiltzarkideak taldearen esker ona adierazi du lan horrek "torturaren tragediaren erradiografia" egiten duelako, "intentsitate eta zabalpen osoa aintzat hartuta". "Gaur justizia egiten hasi da herri honetako milaka eta milaka torturaturekin", nabarmendu du.
Dokumentua ezagututa, lau hausnarketa plazaratu ditu EH Bilduk. Batetik, jasotako salaketa kopuruak adierazten duela errekonozimendurako eta erreparaziorako "anbizio handiko mekanismoak" ezarri behar direla. Bigarrenik, txostenak "zigorgabetasunaren dimentsioa" agerian utzi duela. Hirugarrenik, tortura Auzitegi Nazionalak erabilitako eta homologatutako metodoa izan dela, eta, hortaz, Espainiako Justiziaren "kalitatea errebisatzea" beharrezkoa dela. Azkenik, EH Bilduk nabarmendu du lanak agerian utzi duela erabaki politiko baten fruitua izan dela tortura. Horrez gain, PSEren jarrera "lotsagarria" dela salatu du Arzuagak: "Distantzia jarri nahi du bere ardura zuzenean ezartzen duen giza eskubideen urraketa garbiengandik".