euskal herria

Jaurlaritzaren programak "pertsonak, bakea eta autogobernua" izango ditu oinarri

Eusko Jaurlaritzaren gobernu programa aurkeztu dute Iñigo Urkullu lehendakariak eta Josu Erkoreka bozeramaileak. Nazioartekotze bekak eta Jaurlaritzaren egituraren gaineko hamar dekretu onartu dituzte gaurko gobernu kontseiluan. Jaurlaritzaren egitura %21,12 murriztu dute.

2013ko apirilaren 9a
18:44
Entzun

Erkorekak azaldu duenez, enplegu planaren barruan oniritzia eman diote 2013ko nazioartekotze beken deialdiari. Ehun beka izango dira guztira —bi milioi euro erabiliko dituzte horretarako—. Horrez gain, beste 400 beka ere onartu dituzte, Global Training deituriko esparruan. Horrek atzerriko enpresa eta erakundeetan praktikak egitea ahalbidetuko die ikasketak dituzten gazteei.

Gainera, Jaurlaritzaren egitura eta funtzionamendurako hamar dekretu onartu dituzte. Erkorekak azaldu duenez, antolamendua abian jarriko da hamar dekretuak argitaratzen direnean. "Gure konpromisoa bete dugu; Jaurlaritzaren egitura %21,12 murriztu dugu", esan du. Haren arabera, goi kargudunak 209 izango dira orain —265 ziren lehen—. Horrekin urtean lau milioi euro aurreztuko dituztela nabarmendu du.

Mila Egun programa aurkeztu dio Urkulluk gobernu kontseiluari. Programa horrek hiru zutabe ditu, lehendakariak adierazi duenez: hauteskunde kanpainan aurkeztutako programa, Eusko Legebiltzarrean sailburu bakoitzak aurkeztutako ildo nagusiak eta legealdiaren lehen ehun egunetan jasotako ekarpenak. "Pertsonak, bakea eta autogobernua" izango ditu oinarri. 28 jarduera esparru eta 615 ekimen biltzen ditu. Urkulluk nabarmendu du "mundura irekitako herrialde baten programa" dela. 

Aurrekontuak hizpide

Gobernu programaz gain, aurrekontuen negoziazioa izan du hizpide. "Aurrera egin dela esango nuke", adierazi du. Duela hilabete jaso zuten alderdi politikoek proiektua, eta duela bi aste izan zuten arlokako zehaztasunen berri, sailka. Urkulluren arabera, Finantzen Euskal Kontseiluan hitzartu zuten 2013ko "zoru ekonomikoa". Dena den, elkarrizketarako eta negoziaziorako prest agertu da. "Nire konpromisoa berresten dut daukaguna baino gehiago ez gastatzeko", azaldu du.

Urkulluren ustetan, "iritsi da benetako unea". "Ahalik eta adostasun gehien lortzeko asmoz zuzendu dugu aurrekontua", gaineratu du. Urkulluren iritziz, "ahalegin guztia" egin dute erakunde guztiek adostutako aurrekontuak izateko. Aurrekonturik gabe ere Jaurlaritzak bere programa eta proiektuak aurrera eramango dituela ziurtatu du.

Bakerako lantaldean, guztien parte hartzeaz "ziur"

Eusko Legebiltzarrean hilaren 11n eratzekoa den bakerako lantaldea "ale bat gehiago izatea" espero du Urkulluk, "bakean eta bizikidetzan bizi ahal izateko". Horregatik, alderdi guztien parte hartzearen alde agertu da. Hasieratik ez bada ere, "ziur" dago indar politiko guztiak izango direla bakerako lantaldean, Eusko Legebiltzarrak lantaldearen "zorua" finkatu duelako.

"Uste dut lantaldea bera eratzea oso urrats garrantzitsua dela", gaineratu du. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.