Jaurlaritzaren txostenak «ikuspegi murritza» duela salatu du ezker abertzaleak

Estatuaren biktimei buruzko txostenaren edukiarekin ez datoz bat AAM eta Ahaztuak elkartea

Erredakzioa
Gasteiz
2010eko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Estatuaren indarkeriak eragindako biktimen inguruan Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen eta Terrorismoaren Biktimen Arretarako Zuzendaritzek landutako txostenari kritika zorrotzak egin dizkio ezker abertzaleak.Biktimen inguruko «ikuspegi murritza eta murriztailea» duela salatu du. Haren ustez, «tamalgarria» da esatea 1985etik 2010era Estatuaren indarkeriak sortutako biktimak ez direla motibazio politikoak eragindakoak. «Torturaren erabilpenetik legez kanporatzeen politikara doazen gerra estrategiaren parametroak politikoak dira», gogorarazi du.

Halaber, interes politikoen araberako biktimen mailaketa dagoela kritikatu du ezker abertzaleak, «lehenengo eta bigarren mailako biktimak zehaztuz». Ikuspegi murriztaile horrek ez diola bake konponbide «justu, demokratiko eta iraunkor» bati laguntzen ere salatu du. Horregatik,Gernikako akordioaren edukiak berresten dituela esan du, «non gatazka politikoak eta jatorri guztietako bortizkeriek eragindako biktima ororen aitortza, adiskidetzea eta erreparazioa aldarrikatzen den».

AAM Amnistiaren Aldeko Mugimenduak, bestalde, «urrats» gisa hartu du Legebiltzarrean Estatuaren biktimen hitz egiten hastea, baina salatu du azken urteotan Euskal Herrian gertatu dena erabat «desitxuratzen» duela Jaurlaritzaren txostenak. AAMk salatu du lan horrek gatazka politikoa bera «ukatu» egiten duela, errepresioa gertaera zehatz eta isolatuetan esplikatuta.

AAMrentzat txostena landu duten PSOE eta gisako alderdiek dute azken urteotan Euskal Herrian gertatu denaren ardura politiko nagusia, eta, beraz, txostena erantzukizuna «zuritzeko» egin dela kritikatu du. Biktimen auzia itxi nahi bada, biktimarik gabeko egoera bat lortu behar dela uste du AAMk, eta Gernikako Akordioak horretarako aukera ematen duela azpimarratu du.



Alderdiei deia Ahaztuak-ek

Txostena «berandu» datorrelaeta horrek erakundeek biktima horiekiko izan duen «axolagabetasuna» eta «utzikeria» agerian uzten duela salatu du Ahaztuak elkarteak. Edukiari dagokionez,elkarteak kritikatu du biolentzia politikoaren biktimen arteko «mailaketa» egiten duela txostenak eta horren arabera zehazten dituela haien eskubideak.

Nolanahi ere, elkartearen ustez, txostenak egia, justizia eta erreparazioa lortzeko bidea irekitzeko balio beharko luke. Hala, elkarteak legebiltzar taldeei dei egin die estatuaren biktimen elkarteetako aldarrikapenei eutsi eta haien eskubideekin «marketin politikorik» ez egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.