Javier Madrazo Ezker Batuko koordinatzaile nagusi ohiak alderdia utziko du, gaur bere blogean iragarri duenez. Despedida (agurra) izenburua jarri dio blogean egin duen sarrera horri, eta "ziklo hau" ixteko unea dela esan du. Berak eskatuko du alderdia uztea. Modu horretan alderdian jarrituko dutenen arteko elkar ulertzea erraztea espero duela gaineratu du. Hala ere, esan du "egiari zor" ez duela uste horrelakorik gertatuko denik.
Arabako bi batzarkideren babesaren truke EAJri hainbat kargu eta diru eskatu ondoren sortu den eskandaluan aurrerapausoa eman duen hirugarrena da Madrazo. Serafin Llamasek larunbatean utzi zuen bere kargua alderdiaren esku, eta atzo David Lozanok egin zuen gauza bera, eta auzia oraindik ikertzeko du alderdiak.
Ardura handiko militantea
Duela bi urtetik Ezker Batuan ez funtziorik ezta eskuduntzarik ez duela esan du Madrazok agurrean, militante soila izan dela, baina orain hori ere ez dela izango aurreratu du. Berak utziko du alderdia. Koordinatzaile nagusi zela ardura handiko karguak izan zituen Eusko Jaurlaritzan, EAJrekin eta EArekin osatu zuten gobernuan.
Huelvan (Espainia) da oporretan Madrazo orain eta handik idatzi du blogean. "Gauza batzuetan asmatu dut eta beste batzuetan ez, pertsona guztiak bezala, baina beti Ezker Batuaren baloreen artean mugitu naiz".
Blogean dio Arabako eskandaluarekin zerikusirik ez duela berak, eta horrekin lotu nahi dutenek ez dutela arrazoirik; Ezker Batuaren haustura argudiatzeko erabili dutela salatu du. Horren erakusle, esan du, politika utzi zuenetik irakaskuntzan aritu dela.
"Bestelako ardura edo funtziorik zintzilikatu nahi didanari esango nioke emateko eguneko zortzi ordu irakaskuntzari, bi euskara ikasteari, saiatu dadila lana eta familia uztartzen eta maneiatu ditzala alderdi baten hariak itzalean. Supergizona izango litzateke, eta ni ez naiz".