Aljeriarrek eta marokoarrek ez dutela lanik egin nahi. «Eskandalu» bat dela. Gizarte laguntzekin iruzur egiten dutela. Immigranteei buruzko adierazpen polemikoak egin zituen asteartean Javier Maroto Gasteizko alkateak —ez du lehen aldia—. Fiskalari adierazpen horiek ikertzeko eskatu dio SOS Arrazakeriak. Salaketa bat aurkeztu du gaur auzitegian, alkateak immigranteak kalumniatu ote dituen argitzeko eta, hala balitz, inputatzeko.
Immigranteen eta haiekin lan egiten duten elkarteen artean sua piztu du Marotok. «Eskuin muturreko politika baten ezarpena dago honen atzean, etekin elektorala lortzeko», Federico Garcia SOS Arrazakeriako kidearen ustez. Gogoratu du gizarte laguntzak jasotzen ari diren immigranteak lehenago lanean eta Gizarte Segurantzan kotizatzen ere aritu direla eta, beraz, gainerako herritarrek bezalako eskubideak dituztela. Eta adierazi du etorkin askok lan kontratuak lortzeko arazoak izaten dituztela, bazterkeria ezkutukoa jasaten dutelako.
Alkateak asteartean SER irratian adierazpen horiek egin eta gero, udaleko talde politiko guztiek eskatu diote atzera egiteko eta gaizki esanak zuzentzeko. SOS Arrazakeria eta Ongi Etorri taldeek mozio bat ere aurkeztu dute; gaur eztabaidatuko dute. Alderdi politikoei eskatu diete immigrazioa ez erabiltzeko arinkeriaz eta balizko botoak eskuratzeko asmoz. EAJk, Bilduk eta PSE-EEk bat egin dute mozioarekin. PPk ez du jarrera argitu.
Oraingoz bereari eutsi diote popularrek. Marotok esanak berretsi zituen asteazkenean. Anton Danborenea Bizkaiko PPko buruaren babesa jaso zuen egun hartan. Atzo, berriz, Javier de Andres Arabako ahaldun nagusiak eta Iñaki Oiartzabal PPko legebiltzarkideak bat egin zuten Marotorekin. PPk babesten duela zehaztu zuen Oiartzabalek.
«Nazionalitate jakin batzuek gizarte laguntzekin egiten duten iruzurra eskandalu bat da», esan zuen Marotok irratian. Latinoamerikarren artean ez, baina magrebtarren artean iruzurrerako joera nabaria dela ñabartu zuen. Aljeriarrak eta marokoarrak ez dira etortzen lanera, baizik eta gizarte laguntzen lepotik bizitzera, Gasteizko alkatearen esanetan.
Asteazkenean, Madrildik, leundu egin zituen adierazpenak. Zehaztu zuen lan egin nahi duten marokoar eta aljeriarrak badaudela, baina zerbaitek huts egiten duela, immigrante batzuen bizibide bakarra erakunde publikoen gizarte laguntzak direlako. Eta erantsi zuen etorkin batzuek lanari uko egiten diotela: «Nahiago dute mila euroko laguntza bat jaso, 800 euroko lan bat eduki eta gogor lan egin baino». Gizarte laguntzak banatzeko baldintzak gogortu behar direla esan zuen, baliabideak pertsona guztientzat egotea ezinezko delakoan bestela.
Laguntzen lepotik bizi
Iñaki Oiartzabalek indartu zuen mezu hori, atzo: «Kontrolak handitu behar dira, jendea ez etortzeko gizarte laguntzez aprobetxatzera». Are gehiago: «Ezin da onartu taldeak edo mafiak gasteiztarren laguntzez baliatzea eta horrekin bizimodu bat egitea». Nolanahi ere, Oiartzabalentzat etorkinak ez dira «fokua», iruzurra baizik. Iragarri du PPk hauteskunde programan sartuko duela gaia, diru sarrerak bermatzeko laguntza jasotzeko baldintzak gogortzeko: galdegingo dute gutxienez bost urtez erroldatuta egotea udalerri batean —orain gutxi arte urtebetez erroldatua egotea eskatzen zuten; 2011n PPk eta PSE-EEk elkar hartu zuten Eusko Legebiltzarrean, eta handik hiru urtera igo zuten baldintza hori—. Lanbideri zorrotzago jokatzeko ere eskatu dio Oiartzabalek.
Javier de Andres ahaldun nagusiak, berriz, datu batzuk eman zituen atzo, Marotori babesa adieraztearekin batera: Gasteizen bizi diren marokoarren %59k eta aljeriarren %57k udalaren laguntzak jasotzen dituztela zehaztu zuen. Nigeriarren %73k eta senegaldarren %56k ere badituzte laguntzak. «Abusuak» gertatzen direla uste du De Andresek: «Iruzurra ukatzeak ekartzen du engainu horrek jarraitzea».
Datuak eskuan
Udaleko oposizioko alderdiek gogor kritikatu dute Maroto. «Gezurra erabiltzen ari da botoak lortzeko, xenofobiaren eta arrazakeriaren mamua astinduz», PSE-EEren ustez. «Espero gabeko ondorioak sor ditzakeen erreakzioak elikatzen ari da», EAJren esanetan. «Hau da egiazko PP», Bilduren iritziko, Frantzian ultraeskuinak egiten duen diskurtsoaren gisako bat darabilena «etekin elektoralak» lortu nahian. Alkateari oker egin duela onartzeko eskatu diote Ezker Anitzak eta UPDk ere.
Salaketaz aparte, datuak ere eman ditu Bilduk aste honetan. Gasteizen bizi ez baina han erroldatuta zeuden 894 pertsona ezabatu ditu udalak erroldatik, iruzurra saihesteko. Haietatik, %18 baino ez dira magrebtarrak. %36k, berriz, Espainiako naziotasun agiria dute. «Iruzurrari aurre egin behar zaio, eta kontrolik handiena behar da», Ane Aristi zinegotziaren esanetan: «Baina datuak eman behar dira». Ekainean, Gasteizko 7.973 familiak jaso zuten diru sarrerak bermatzeko laguntza; herenak ziren immigranteenak. Araban, berriz, gizarte laguntzak dituztenen %20 dira magrebtarrak: «Gizarte laguntzen errealitatearen mapa zenbakiek eta estatistikek erakusten dute; eta zenbaki horiek kontraesanean daude nazionalitate eta kolektibo jakin batzuk estigmatizatzen dituzten diskurtsoekin. Egia esan behar da».